2020(e)ko martxoaren 17(a), asteartea

Laguntza zakurra eman diote Markel Lopezi



Laguntza txakurra eman diote Markel Lopezi.Goierri, Gizartea2011/11/25, Goierriko Hitza

ALBISTEA

Urretxuko udaletxeko areto nagusian eman diote Markel Lopezi ‘Antxoa’ izenko laguntza zakurra.

Zer egin dezake zakur batek? Markel Lopezi Antxoa bere zakurrak, galtzerdiak kentzen dizkio. Lopezen azala tximeletarena bezain hauskorra da, epidermolisi builoso izeneko gaixotasun arraroa dauka jaio zenetik, orain 11 urte. 

Gaur, Urretxuko udaletxeko areto nagusian, Bocalan fundazioak Antxoa zakurra ofizialki eman dio. Antxoak egunerokoan lagunduko dio haurrari, horretarako hezituta dago. Bocalan gobernuz kanpoko erakundea da, eta nazioartean lan egiten du. Bocalanen jardunaren muinean zakurrak daude. 

Teo Mariscal erakundeko zuzendaria da, “animalia batek lagundu dezakeen eremuetan lan egiten dugu”. Laguntza eta terapiaren alorrak dira, batik bat. Adibideak eman ditu Mariscalek. Chilen epaitegian deklaratu behar duten haurrekin lanean ari dira, “zakurrek une horietako tentsioak arintzen dituzte”. Umeak zakurra ondoan dauka prozesua hasi eta bukatzen den arte. “Emaitzak zoragarriak dira”. Kolonbian sexu-abusuak jasan dituzten haurrekin egiten dute lan; bi milatik gora haur. “Zakurrek umeei psikologoekiko hurbiltasuna lortzen laguntzen diete”. 

Bocalanen jardueraren beste eremua autismoa da. “haur autisten zenbait portaera baretzen dituzte zakurrek, gelditu ere. Lo egiten laguntzen diete, autistek ez baitute oso ondo lo egiten”. Antxoa zakurra eman eta gero, Mikel Lopezek dio zakurrak erortzen zaizkion gauzak jasotzen dizkiola, galtzerdiak kendu, ateak zabaldu, argiak itzali… Saioa Arrizabalaga da Markelen ama, “ematen digun laguntza guztiaz gain, zakurrak beste maila batean ematen diguna dago. Markelen gurpil-aulkiaren aurrean geratzen denak zakurragatik galdetzen du orain, lehen haurrari begira gelditzen zen”.


Irakurri aurretik:

1.- Ba al dakizue zer den laguntza zakurra?

2.- Zer egin dezake laguntza txakur batek?


3.- Ezagutzen al duzue laguntza txakurra erabiltzen duen norbait?


Irakurri ondoren erantzuteko galderak:

1.-Esan ondoko baieztapenak egia ala gezurra diren:


E
G
Epidermolisi builoso izeneko gaixotasuna tximeleta azal izenez ere ezagutzen da.


Antxoak laguntza eta terapia alorretan laguntzen du batik bat.


Laguntza txakurrak ez dira egokiak autistentzat.


Antxoa bezalako oso txakur gutxi dago munduan



2.- Markelek orain 11 urte baditu, zein mailatan egongo da datorren ikasturtean?

3.- Zertarako dago hezita Antxoa txakurra?

4.- Badakizue zer den gobernuz kanpoko erakunde bat? Ezagutzen al duzue baten bat?

5.- Zertan lan egiten du Bokalan gobernuz kanpoko erakundeak?

6.- Nola laguntzen diete txakurrek Chilen epaitegian deklaratu behar duten haurrei?

7.- Eman ezazue Bokalan erakundea lanean aritu den kasuetako adibide pare bat.

8.- Zertan laguntzen dio Antxoa txakurrak Markeli?

9.- Zuen ustez psikologikoki nola laguntzen dio Antxoak Markeli?



Ariketa osagarria:

Pentsa ezazue datorren ikasturtean Markel zuen gelan egongo dela. 

  • Nola lagunduko zeniokete? 
  • Zuen gela egokituta dagoela uste duzue edo aldaketaren bat egin beharko litzateke? 
  • Nolako harrera egingo zeniokete?



I







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina