2020(e)ko martxoaren 17(a), asteartea

Barbara Rivas aktoreari elkarrizketa

                                                                                         
Barbara Rivas, aktorea. EITB
2016ko uztailak 31 / BERRIA, elkarrizketa.
  
«Espero dut 'Go!azen' berriak soilik hamar atal ez izatea»

  'Go!azen' telesail musikalaren atal berriak grabatzen hasi dira aste honetan. Rivasek Irati ikaslearena egin zuen 2008ko eta 2009ko aldietan, eta irakaslearena egingo du orain.
Goenkale-n hasi zenean eta Go!azen telefilmean protagonista izan zenean 20 urte inguru zituen Barbara Rivasek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1987), eta hasiberria zen profesioan. Londresen eta Madrilen antzerkiko prestakuntza jaso eta gero, eskarmentuarekin itzuli da Euskal Herrira. 1936ko gerrari buruzko dokumental batean parte hartu du berriki, eta orain «gogo biziz» heldu dio Go!azen-en atal berriak grabatzeari.

Go!azen telefilmak arrakasta handia izan zuen 2008an, baita telesailak 2009an ere. Nola izan da zuretzat berriro Pausoka ekoizpen etxearen deia jasotzea?
Ezusteko handia izan da. Urte asko pasatu dira, eta ez nuen halakorik espero. Baina oso pozik nago, eta gogo handiarekin atal berriak egiteko. Irati pertsonaiarena berriro egiteko ilusioz nago. Orain irakasle gisa itzuliko da Irati Basakabi udalekura.

Zure pertsonaia asko aldatuko al da?
Bai, zazpi-zortzi urte pasatu dira, eta urte asko dira horiek. Pertsonaiak unibertsitate ikasketak egin ditu, eta ingelesezko kanpamentu batean irakasle ariko da. Arazo txikiak izango ditu Zuzen zuzendariarekin [Ramon Agirre], haren metodoak ez baitzaizkio gustatzen. Irati udalekua modernizatzen saiatuko da.

Zu aktore gisa, berriz, nondik nora ibili zara urteotan?

Go!azen-eko abentura bukatu zenean, Madrilera joan nintzen, eta RESAD arte dramatikoko goi eskolan lau urtez aritu nintzen ikasten. Londresera ere joan nintzen ikastera, eta hango konpainia batekin egiten ditut lanak. Azaroan, Euskal Herrira itzuli nintzen, eta Yago Mateorekin —Go!azen-en ere aritu zen aktore lanetan— film labur bat egin dut: Fishura. Hainbat sari irabazi ditu, eta ederra izan da lan horretan aritzea. Duela gutxi 1936ko gerrari buruzko dokumental batean parte hartu dut. Lan horretan, zati bat fikziozkoa da, eta horretan aktore lanak jokatu ditut. Dokumentala hunkigarria izango da.

2009an ETBk Go!azen-ekin ez jarraitzea erabaki zuen, neska-mutikoen artean arrakasta handiena zuen garaian. Ez al zen pena izan telesaila etetea?
Bai. Gainera, telesaila amaitu ostean hasi ginen izen bereko antzezlana entseatzen. Baina ez dakit zer gertatu zen, eta ez genuen aurrera egin. Orain itzultzea ezustekoa den bezala, orduan ere ezustekoa izan zen telesailak aurrera ez egitea. Baina hemen gaude, eta proiektu oso polita da neska-mutikoentzat. Horrelakoak behar dira.

Protagonista berriak ahots politekin datozela esango zenuke?
Bai, gogotsu datoz, eta ahots ederrekin. Haiek harrituta daude honekin guztiarekin, eta susmoa dut produktu polita aterako dela.

Hamar atal grabatuko dituzue, irailaren 14ra bitartean. Itxaropena duzu hamar atal horien ostean gehiago etorriko direla?
Bai, gustatuko litzaidake aurrera jarraitzeko. Nire lagun batek, irakaslea denak, esaten dit ez duela material asko euskaraz ikasleei jartzeko. Hura ere oso pozik dago Go!azen-en atal berriak egingo ditugulako. Espero dut aro berriak soilik hamar atal ez izatea.

Ramon Agirre lankide duzue telesailean. Oscar sari bat irabazi zuen Amour filmean parte hartu zuen aktoreak. Gustura?
Niretzat sekulakoa da Ramon Agirrerekin lan egitea. Gainera, harekin sekuentzia asko izango ditut atal berri hauetan. Harengandik asko ikasten saiatuko naiz.

Gaur egun zeintzuk dira erreferentetzat jotzen dituzun aktoreak nazioartean?
Meryl Streep eta Kate Winslet dezente gustatzen zaizkit, baina asko ditut gogokoak.

Telebistan zer motatako telesailean gustatuko litzaizuke aritzea orain arte egin ez duzuna?
Telesailak ikustea asko gustatzen zait, eta garaiko zerbait egingo nuke, agian. Game of Thrones Euskal Herrira datorrenez, horretan parte hartzea ere sekulakoa litzateke. Jarraitzen dut.

Madrilgo eta Londresko esperientziaren ostean, idazteko gogorik piztu al zaizu?
Bai. Londresen antzerki fisikoa egiten dugu, eta hutsetik hasten gara ia, irudi batetik abiatuz. Bestalde, Amaia Ruiz de Galarreta aktoreak eta biok obra txiki bat idatzi dugu. Go!azen-ekoa amaitzen denean badut asmoa ikastaroren bat egiteko antzerkia idazten ikasteko.

Irakurri aurretik:
1.- Zertaz arituko da ondorengo testua?

2.- Ikusi al duzu inoiz antzezlanik?

Irakurri ondoren erantzuteko galderak:
1.- Zein da Barbara Rivas?

2.- Zein telesailetan partu izan du? Zenbat denbora? Zein izen zuen berak interpretatzen zuen pertsonaia?

3.- Zer gertatu zen Go!azen telesailarekin 2009. urtean? Zer egin zuen orduan Barbara Rivaes-ek?

4.- Zein da Ramón Agirre? Zer lortu zuen Ramonek?

5.- Barbararenzat zeintzu dira aktore bezala bere erreferentziak?

6.- Euskal Herritik joan zenean, zein tokietan ibili izan da? Zeintzu lanetan parte izan du?


Ariketa osagarria:
1.- Gustatuko al litzaizuke aktore bihurtzea? Bai ala ez? Idatzi arrazoiak baiezkoa edo ezezkoa baldin bada ere zure erantzuna:





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina