2020(e)ko martxoaren 17(a), asteartea

Alex Txikon mendizalearen abentura Everest mendian

 Alex Txikon mendizalea.

Alex Txikon mendizalea ( 1981. urtean jaioa ( 38 urte ), Lemoa, Bizkaia ) Himalayatik etorri berria da. Bertan 3 hilabete igaro ditu helburu batekin: Everest gailurrera iristea negu gorrian. 

Expedizioan zehar baldintza gogorrak izan dituzte. Hotzari aurre eginez behar izan diote, zero azpitik 30 graduko tenperatura izan dutelarik. Bestalde neguan mendizale gutxiago ibiltzen dira eta bidea ekipatzeko jende gutxiren laguntza izan dute.

Gogoratu dezagun, oraindik ez duela inork Everesteko gailurra neguan zapaltzerik izan. Bere ahalegina handia izan da, baina bere taldeak ere ez du helbururik betetzerik izan. Irakurri dezagun BERRIA egunkarian egin dioten elkarrizketa.

Zer behar da Everesteko gailurrera neguan igotzeko?

Eguraldiak lagundu behar du, bestela ez dago inolako aukerik. Agian, aurten ezegonkorra izan den bezala, izango dira negu hobeak.

Ez duzu uste denborarekin justu xamar ibili zaretela?

Ez. Jende gutxiagorekin ibili gara azkenean. Egia da, gu hara iristerako, lehen kanpalekuraino hornitu zutela bidea. Gutxira, Garciaren ezustekoa izan genuen. Gainera, Cardon ebakuatu gero, Pechhumbe, Geljen Lama, Nurbu eta laurak gelditu ginen. Oso jende gutxi da hainbeste lan egiteko. Hala ere, ez zen denbora kontua izan. Iruditzen zait lan izugarria egin dugula, baina guk aurreikusten genuen altueratik ezin izan gara pasatu. Gailurretik oso urruti gelditu gara.

Aurten lehenbizikoz izan duzu bidelagun Jonatan Garcia bizkaitarra. Orain gutxi esan berri du etorkizunean bikote polita osa zenezaketela. Berdin pentsatzen al duzu?

Bai, bai. Oso indartsua da, eta oso ondo ikusi dut, espedizioa neguan izan dela kontuan hartuta. Gaztea da, gogoa dauka, jarrera ere bai, eta ondo prestatzen da. Benasquera [Aragoi, Espainia] bizitzera joateko apustua egin zuen lana utzita. Goraipatzekoa da, ez baitu edonork bere lan finkoa uzten honetan saiatzeko. Etorkizunean gauzak egiteko aukerak hor jarraituko du, baina gauzak antolatzeko garaia da. Ez dakigu ziur zer egingo dugun ere.

everest bilaketarekin bat datozen irudiak Mendizaleak Everest ( 8848 m ) gailurrera iristen.

Zuekin batera, baina Hornbein bidetik, Jost Kobusch alemaniar gaztea ibili da bakarrik. Zer iruditu zaizu egin duena?

Oso pertsona atsegina da. Denbora asko egon gara elkarrekin oinarrizko kanpalekuan, eta azken bi egunetan ere Katmandun batera egon ginen. Denbora asko pasatu du Nepalen, eta gauza arriskutsuak egin ditu. Goraka igotzen zen aldietan, ez genuen begiratu ere egin nahi, elur jausiak izaten zirelako bera ibiltzen zen bidean. Baten batek harrapatu ere egin zuen. Gure erronka arriskutsua bazen, harena zer esanik ez. Azkenean, 7.300 metrora iristea lortu zuen. Egia da, handik gora hasten dela egiazko Everest, baina hala ere nahikoa egin du. Galdetu nion ea datorren urtean berriro ere saiatuko zen, baina ezetz esan zidan, beste asmo batzuk zituela.

Zuk ere aitortu duzu ziurrenik ez zarela berriro itzuliko. K2ra ere ez? (Karakorum, Himalaia, 8.611 metro)

Ez, ez, oraingoz ez. Ez Everestera, ezta K2ra ere. Negu asko daramatzat jarraian, eta, agian, neguren batean etxean gelditzeko ordua iritsi zait. Egia da neguak kateatu egiten gaituela, eta badirela beste mendi batzuk gustura itzuliko nintzakeena: esaterako, Ama Dablam edo Pumori; baina agian ez zortzimilako batera. Zailtasun handiko mendiak dira, konpromiso handia eskatzen dutenak, eta ekonomikoki ere oso garestiak dira. Hirugarrenez saiatu naiz Everesten; urtetik urtera emaitza okerragoa izan dugu, gainera, eta ikusirik inongo aukerarik ez dugula izan... Ez dut berriro ere bigarren kanpalekuan gelditu nahi. Askotan frustrazioa ere sortzen dit. Lan handia egiten dugu, baina emaitzak ez dira ikusten. Futbolari batekin alderatuta, esan dezakegu egun guztia entrenatzen pasatzen dugula, baina entrenatzaileak ez gaituela urte guztian deialdi batean ere sartzen. Horrela sentitzen naiz askotan. Azken urteetan maiz irudipena izan dut edozein gailurretara igotzeko aukera gutxi izan ditudala.

Udan bizimodua ere aldatuko zaizu, aita izango zarelako. Horrek zer pentsatua emango dizu askotan?

Aurten esateko, inoiz baino gehiago arriskatu dut. Baina ia ez naiz bigarren kanpalekutik pasatu. Askotan pentsatzen nuen: «Baina zer egiten dugu hemen bizitza jokatzen?» Oraindik bizirik baldin banago, gauzak zentzuarekin egiten ditudalako nago.

Zerbait pentsatua al duzu udaberri edo udazkenerako?

Han nengoela, jada hasita nengoen pentsatzen etxera itzultzean zer egingo nuen. Mila gauza egin nahi ditut. Horietako bat negu osoa Antartikan pasatzea da. Bestalde, Seven Summitsekoek neguko espedizio baterako gonbidapena egin didate, baina oso urruti dago oraindik. Udan etxe inguruan ibili nahi dut. Proiektu batzuk baditut buruan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina