Bost zentzumenak
Zentzumenak gizakiaren organismoak inguruarekin harremanetan jarri eta bera ezagutu eta ulertzeko duen gaitasuna da. Dastamena, entzumena, ikusmena, ukimena eta usaimena dira bost zentzumenak. Ahalmen edo gaitasun horiek gorputzeko organo zehatz batzuei lotuta daude eta bakoitza informazio-mota bat jasotzeaz arduratzen da. Horrela, organo desberdinak zentzumen bakoitzaren garapena ahalbidetzen dute: begiek ingurua ikusteko ahalmena ematen digute, belarriekin soinuak entzuten ditugu, larruazalak objektuak sentitzen ditu, mihiarekin zaporeak hautematen dira eta sudurrak inguruan dagoena usaintzen du.
Izaki bizidunek inguruan duten mundua ezagutzeko behar dituzten egiturak garatu dituzte. Kanpoko inguruneari buruzko informazioa sentimen-errezeptoreen bidez iristen da, horiek inguruneko energia-mota edo estimulu (argia, hotsa, objektuak…) desberdinak nerbio-bulkada bihurtzeko gai baitira. Nerbio-bulkada horiek nerbio-sistema zentralera bideratzen dira eta bertatik garunera, jasotako informazioa prozesatu dadin. Zentzumen-organo guztiek garunarekin batera lan egiten dutela esan daiteke, garunera pasako diren zirrarak jasotzen baitituzte eta garunak ondoren zentzumenetan bihurtzen dituelako.
Dastamena gizakiek dituzten bost zentzumenetako bat da, ahoak ahalbidetzen duena. Bere bitartez janarien eta edarien zaporea hauteman dezakegu.
Ahoan zerbait sartzen dugunean, hainbat sentsazio antzematen ditugu dastamenaren bitartez. Sentsazio horiei gustu edo zapore esaten diegu, eta mihiaren gainazalean ditugun dastamen-zelulek (kimiorrezeptoreak) eragiten dituzte. Dastamen-prozesua aho-barrunbean multzoka dauden kimiorrezeptore horien bidez burutzen da: janariak irentsi aurretik eta irensteko unean listuan desegindako molekulak hautematen dituzte.
Zaporea dastamenaren eta usaimenaren ekintza bateratuei dagokie. Horrela, bi zentzumen horiek elkarrekin lotuta daude, dastamen prozesuan usaimen prozesuak eragiten duelarik. Hau da, janariaren usaimenak gure dastamenarekin zerikusia dauka, horregatik, katarroa dugunean jaten dugun janariak ez du betiko zaporea.
Dastamena gizakiak duen zentzumenik primitiboenetarikoa da. Dastamenaren beharra daukagu, osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen janariak eta edariak bereizteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina