2025(e)ko ekainaren 6(a), ostirala

Tartalo

 





Tartalo


Bekokian begi bakarra zuen erraldoi bat, Sanson baino indartsuagoa, mendian bizi zen, ardi eta giza haragiz elikatzen zela. Erraldoia Tartalo deitzen zen eta kobazulo batean bizi zen.


Behin, mendian bere artaldearekin zihoala, artzain gazte batek ardi bat galdu zuen. Ardiaren bila Tartaloren kobazulora iritsi zen.


- Nora zoaz, mutiko? - galdetu zion oihuka Tartalok artzainari.


- Ardi bila - erantzun zion beldurtuta artzainak.


- Goazen nire kobazulora - esan zion Tartalok.


Eta kobazulo hartara joan ziren. Artzaina, hango gauzak ikusita, harri eta zur zegoen: kate batetik zintzilik lapiko handi bat zegoen giza-besoz eta hankaz beterik. Kobazuloko txokoetan, berriz, ardi-larru eta gizon-emakume askoren soinekoak.


Tartalok artzainaren gorputza jatea nahi zuen eta horrela esan zion:


- Sartu zaitez barrura, motel, burruntzia sutan eta jan ezazu nahi duzuna, hanka hori oso goxoa dago.


Artzainak honela zioen bere artean:


- Nahiz batera nahiz bestera galdu, ez zait axolarik.


Bitartean Tartalo lo-zurrunka zegoen eta artzainak kobazulotik ihes egiteko punta zorrotza zuen makila bat Tartalori begitik sartu zion eta itsu geratu zen.


  • Aaaaaaaaaah! - Tartaloren garrasi eta uluak mendi guztian entzuten ziren.


Artzaina ardi-larru artean gorde zen. Tartalo kobazuloko atean zegoen, hankak erdi zabalik zituela artzaina arrapatu nahian. Ardiak bere hankapetik kanpora zihoazen. Tartalok ilean ukitzen zuen bakoitza irteerakoan.


- Galduta nago -zioen bere artean artzainak.


Artzainak ideia on bat izan zuen: Tartalok ez ezagutzeko, bera ere ardi-larruz jantzita igarotzea. Hala jantzi zen eta erraldoiaren hankapetik igaro zenean, bizkarrean ukitu arren, Tartalok ez zuen nor zen igarri.


Handik atera zeneko, artzaina pozik eta ardi-larrua jaurtikiz, korrika hasi zen. Tartaloren eraztunak hizketan zekien eta:


- Tartalo, hortik ihes egiten ari da artzaina - esan zion eraztunak.


Tartalok eraztuna jaurtiki eta behatz txikian sartu zion artzainari.


- Tartalo, hemen nago, hemen nago! - esan zion eraztunak.


Tartalo lasterka zihoan artzainaren atzetik. Artzainak ezin zuen eraztun salataria behatzetik kendu. Laban batez ebaki zuen behatz txikia eta eraztun eta guzti potzu batera jaurtiki zuen.


- Tartalo, hemen nago! - esan zion eraztunak.


Tartalok potzu batean txirrits egin eta bertan ito zen. Handik aurrera artzain hura nahi bezala bizi izan zen bere inteligentzia erabiliz bizitzan aurrera egiten ikasi zuelako, arazoak konponduz eta irtenbideak aurkituz.


—------------------------------------------------------


  1. Nolakoa zen Tartalo?


__________________________________________________


  1. Zer gertatu zitzaion artzainari mendian bere artaldearekin zihoala?


___________________________________________________


  1. Tartaloren kobazuloan zer ikusi zuen artzainak kate batetik zinzilik?


___________________________________________________


  1. Zer nahi zuen egitea Tartalok artzainarekin?


___________________________________________________

  1. Zer egin zion artzainak Tartalori kobazulotik ihes egiteko?


___________________________________________________


  1. Zer egin zuen artzainak Tartalok ez ezagutzeko?


__________________________________________________


  1. Nola hil zen Tartalo?


_______________________________________________


  1. Zer erabili zuen artzainak bizitzan aurrera egiteko?


__________________________________________________














iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina