Txikitako ipuinak
- Aitona, aitona, irakurriko ahal didazu ipuinen bat? Lotara joateko ordua da baina ez naiz lokartzen.
- Ipuinen bat? Noski, Aitor -esan zuen aitonak. Hau esanda, aitona Aitorren ohe ondoan zegoen jarlekutik altxatu eta bere atzean zuen armairura gerturatu zen; eskua altxatu eta azkeneko apalean zegoen liburu bat hartu zuen. Bere jarlekura itzuli eta liburua eskuan zuela, putz egin zuen, liburuak zuen hauts guztia kentzeko. Hau egindakoan, biloba, eskua aho aurrean zuela, eztulka hasi zen.
Liburu zahar eta lodi horrek Aitorren arreta piztu zuen, ohetik altxatu eta aitonaren altzoan jarri zen. Aitona zaharra zen, baina biloba altzoan zuela ikusita, ezkerreko eskuarekin besarkatu eta liburua eskuineko eskuan hartu zuen. Aitorrek burua aitonaren bularrean jarri zuen, aitonaren ipuina entzuteko prest. Liburua bilobaren hanken gainean jarri eta aitona buruz zekien istorioa irakurtzen hasi zen:
- Istorio hau aspaldi gertatu zen laztana, oso aspaldi...Txiki-txikitatik elkar ezagutzen zuten bi gazteri buruzkoa da; Miguel eta Felisari buruzkoa.
- Eta ezagutzen zenituen gazte horiek, aitona?
- Oso ondo ezagutzen nituen, Aitor, oso ondo. Felisa oso ederra zen, bere motots eta guzti, eta Miguel, oso mutik dotorea , egunero bere koadrodun alkondararekin irteten zena kalera. Bi gazte hauek Legazpiko ikastetxean pasatzen zituzten egunak, ikasi nahian. Beti ikusten zuten elkar ikastetxeko korridoreetan, baina inoiz ez zuten hitz egiten, lotsa zela eta; beraz, buruarekin agur esan eta bakoitza bere aldetik joaten zen. Baina biek zekiten bestea gogoko zuela, gehien bat Miguelek, klaseak amaitzean bere ametsetako neska lagunari begira orduak ematen baitzituen. Felisak ere berdin egiten zuen, baina ezkutuan. Miguel oso zaletua zen plater-tiro edo tiroplatoan.
Egunero, klaseak amaitu eta gero, Legazpiko zelairen batera joaten zen praktikatzera, baina beti ihes egin behar izaten zuen, auzokideren batek, tiroak entzutean, poliziari deitzen baitzion. Oso ondo gogoratzen dut. 1934ko uztailaren 24an, zehatz-mehatz, gazte honek Gipuzkoako plater-tiroko lehiaketarik garrantzitsuena zeukan. Lehiaketa hori irabaziz gero Gipuzkoako txapeldun berria izatera helduko zen, baina horrek oso urduri jartzen zuen gaztea. Jaurtiketa guztiak bete-betean asmatzen zituen, gertu zegoen azkenekoa.
Azkenean, heldu zen momentua, azken jaurtiketa. Miguel oso urduri zegoen, eta ingurura begiratzen hasi zen, bere gurasoak aurkitu nahian. Halako batean, Felisaren begiekin egin zuen topo. Denbora laburrean, bata besteari begiratzen gelditu ziren, baina Miguelen jaurtitzeko txanda zenez, eskopeta altxatu eta tiro egin zuen, eta platera guztiz apurtu. Miguelek ezin zuen sinetsi Gipuzkoako txapelketa irabazi zuela, eta buelta ematean, gurasoak eta lagunak bera besarkatzera joan zirela ikusi zuen.
- Eta Felisa besarkatu zuen?
-Ez. Felisa aurkitzen saiatu zen, baina ez zuen aurkitu, eta luzaroan ez zuen berriz ikusi.
- Eta non zegoen, aitona?
- Ez dakit, Aitortxo, hori ez dakit. Baina Miguel oso gaizki sentitzen zen, ez zekielako non zegoen, eta zergatik joan zen Felisa.
Hurrengo egunetan ez zen etxetik atera, bere erruarengatik laguna galdu zuela pentsatzen zuelako. Hiru urte geroago, berriz ikusi zuen. Astelehenero bezala, Miguel bere gurasoekin Gernikara joan zen etxean zituen produktuak saltzera, etxean traba egiten baitzuten eta dirua beti zetorkien ondo. 1937ko apirilaren 26an Miguel Gernikara joan zen bere gurasoekin diru apur bat lortzeko. Egun hori nahiko ona izan zen arren, ez zuten diru askorik lortu, baina lanean jarraitu zuten.
Miguel goizeko zortzietatik zegoen lanean, eta oso nekatuta zegoenez, buelta bat emateko baimena eskatu zien gurasoei. Hauek baietz esan eta gaztea bere gurasoen postutik urruntzen hasi zen, inguruko postu desberdinak ikusteko asmoz. Gero Miguel merkatu plazatik urrundu egin zen, Gernika herria ezagutzeko, inoiz ez zuelako herri honetatik buelta bat eman. Oso herri polita zela ikusi zuen, baina ordua ikustean gurasoei lagundu behar ziela pentsatu eta bisita hori beste egun baterako utzi beharko zuela pentsatu zuen. Buelta erdia eman eta plazarantz joan zen.
Arratsaldeko ordu biak ziren eta Miguel eta gurasoak gose ziren, beraz, dirua hartu eta gaztea ogitarteko batzuen bila joan zen. Janaria erosteko postu bat aurkitu eta han erosi zituen ogitartekoak. Gurasoengana abiatu zen eta bat-batean, urrunean, ezagun egiten zitzaion pertsona bat ikusi zuen, baina ez zekien nor zen, urrun zegoen eta. Beregana hurbiltzean, Felisa zela ikusi zuen, eta oihu egiten hasi zen, Felisak buelta eman zuen arte. Felisa, Miguel ikustean, korrika bizian joan zen besarkatzera. Biak elkartzean, besarkada handi bat eman zioten elkarri, eta denbora batean hitz egiten egon ziren.
Elkarrekin hitz egiten zuten lehen aldia zen eta maiteminduta zeudela konturatu ziren. Beraien artean sortu zen sentimenduaz hitz egiten hasi ziren eta Miguelek buelta eman, loreak saltzen zituen postu batera joan eta arrosa bat erosi zuen Felisarentzat, bainaaa... Aitona isilik gelditu zen, ezer esan ezingo balu bezala. Aitonak, Aitorri begiratu eta lo zegoela ikusi zuenean, besarkatu eta musu bat eman zion bekokian, eta Aitor, esnatu gabe, lehengora itzuli zen Non nindoan? A, bai. Miguelek arrosa bat erosi zuen Felisarentzat, baina bat-batean, Santa Maria elizako kanpaiak entzun ziren, behin eta berriz. Mundu guztia oihuka eta korrika hasi zen alde batetik bestera, elkarri bultza eginez, baina bi gazteek ez zekiten zergatik. Oso urduri jartzen hasi ziren eta oihu horien guztien artean ahots bat entzun zen:
- Hegazkinak, hegazkinak! Badatoz alemaniarrak!
-Jende guztia oso urduri zegoen eta denak lur azpiko aterpeetara joaten hasi ziren. Miguel Felisarengana hurbiltzen saiatu zen, baina jendeak bultza egiten zion. Hala ere, Miguelek ez zuen etsi; pertsonak lurrera bota zituen Felisarengana gerturatzeko, baina lehen bera zegoen lekura heltzean ez zegoen inor. Miguel negarrez hasi zen, eta arrosa lurrean uzterakoan pertsona batek gogor eutsi eta berarekin eraman zuen aterpe batera.
- Aitona negarrez hasi zen, baina, Aitor ez esnatzeko, negarrak garbitu eta begiak itxita, hitz egiten jarraitu zuen.
- Han egon zen Miguel, orduak eta orduak eman zituen aterpe horretan sartuta, bere gurasoak eta Felisa aurkitu ezinik, eta gainera, Gernikan jausten ziren bonben zaratak entzuten. Miguelen bizitzako unerik txarrena izan zen hura. Dena amaitu zela pentsatu zuenean bonba gehiago jausten hasi ziren, Gernika ke eta hauts artean utziz. 6 ordu pasatu zituen aterpe horretan, inor ezagutu gabe, isiltasun beldurgarri horretan.
Nahiz eta denak ezezagunak izan, denak ziren euskaldunak, eta guztiek elkar besarkatu zuten, beldur zirelako. Miguel, ordu haietan, bere ondoan zegoen emakume batekin hitz egiten hasi zen, eta elkarrizketa hartara beste 3 edadeko gehiago batu ziren, hirurak gizonak. Miguelek ez zekien zer zela eta ari ziren alemaniarrak Gernika bonbardatzen, eta boston elkarrizketa horretan, haien ustezko teoriak komentatzen zituzten bitartean, bonben eta lurrikaren zaratak amaitu zirela zirudien. Suntsipenaren zaratak amaitu eta hamar minutura, gutxi gorabehera, herritar guztiak aterpeetatik irteten hasi ziren eta denak harrituta negarrez hasten ziren Gernikaren suntsipena ikusi bezain laster. Miguel ere harrituta gelditu zen gertatu zena ikustean, baina bere gurasoak eta Felisa aurkitzeak lehentasuna zeukan beretzat, bakarrik sentitzen zen eta. Bere gurasoak eta Felisa bilatzen hasi zen, leku batetik bestera, baina ez zekien non egon ahal ziren. Hildako gorpuen eta etxe suntsituen artetik bilatzen hasi zen, aterpetxeren batean sartuko ziren ustean.
Oso nekatuta zegoen eta ez zekien zer egin. Lurrera bota zuen bere burua, eskuak buru gainean jarriz eta jainkoari errezu eginez. Momentu hartan, ahots bat entzun zuen berari deika, baina Miguelek ez zuen burua altxatu. Bigarren deiadarrean, burua altxatu zuen baina ez zuen ezer ikusi, eta hirugarren aldian bera altxatu zen eta han ikusi zituen hirurak, bere gurasoak eta Felisa, eskuak altxatzen Miguelek ikusteko. Beraiengana gerturatu zen eta besarkada erraldoi bana eman zien hirurei. Besarkada luze horren ondoren, Legazpira itzultzeko garaia zela pentsatu zuten, baina ez zeukaten joateko modurik. Legazpi Gernikatik nahiko urrun zegoen eta ondoko herri batera joan behar izan zuten Felisaren osaba baten etxera, berak Legazpira joaten laguntzeko.
Osabaren kotxean sartu eta Legazpirantz abiatu ziren. Kotxean ez zuten hitzik egin bidaia guztian, gertatutakoaz pentsatzen ari ziren denak. Legazpira heltzean, kotxetik jaitsi eta Miguel Felisaren ondora hurbildu zen. Eskua Felisaren sorbalda gainean jarri eta masailean muxu bat eman zion, haien lehenengo muxua. Maiteak buelta eman zuenean, besarkada handi bat eman zion. Miguelek, hala ere, gertatutakoaz hitz egin nahi zuen, baina ahoa zabaltzean Felisak isiltzeko esan eta bonbardaketan galdutako arrosa eman zion. Miguelek arrosa hori hartu eta bularrera eraman zuen, malko bat jausi zitzaion momentuan. Hurrengo egunetan, egunero ikusten zuten elkar. Orduan ez zuten buruarekin agurtzen, biak elkarrengana hurbildu eta muxu batekin baizik. Eta ordutik hona inoiz ez dira banandu.
- Bueno, Aitortxo - esan zuen aitonak biloba ohe gainean jartzen zuen momentuan.
- Amaitu da ipuina, eta orain, lotara joateko ordua da. Bestela, bihar oso nekatuta egongo zara, eta amamak errua nirea dela esango du, eta hori ez duzu nahi, ezta? - Hau esaten zuen bitartean, aitona bilobari kilimak egiten ari zitzaion. -Bueno Aitor, gabon; eta amets onak izan.
- Bai, aitona Miguel, gabon.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina