2023(e)ko urtarrilaren 25(a), asteazkena

Erdi Aroa

Erdi Aroan lanbide ezberdinetako pertsonak biltzen ziren gremioetan,
beti ere errege baten babesean gazteluaren harresiak gertu zituztela.


ERDI AROA

Erdi Aroa Europako historiako aro bat da, Antzinaroaren ondorengoa eta Aro Modernoaren aurrekoa. Gutxi gorabehera V. mendetik XV. menderainoko tartea hartzen du, zehazkiago abiapuntutzat 476 urtea hartu ohi da, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenarekin, eta amaieratzat Konstantinoplaren erorialdia eta Ehun Urteko Gerraren amaiera 1453an edota Kolon Ameriketara iristea 1492 urtean. Erdi Aroaren baitan historialariek beste azpiaro batzuk —Goi Erdi Aroa, Tarteko Erdi Aroa eta Behe Erdi Aroa— bereizi dituzte. Erdi Aroan, aldaketa ugari gertatu ziren politika, kultura eta ekonomia arloetan. Egungo Europako hainbat estatuk oinarriak aro honetan dauzkate, muga politikoak garai gatazkatsu honetako leinu eta armaden garaipenen ondorioa baitziren.


Erdi Aroko 3 estamendu edo talde nagusiak hauek ziren:

  • Nobleak: erregeak, printzipeak eta kondeak. Hauek babesteko soldaduak zeuden.
  • Kleroa: apaizak eta monjak. Hauek erlijioa zabaldu zuten (Kristauak, musulmanak ... ).
  • Herri xehea: merkatariak aberatsak ziren, eta nekazariak eta abeltzainak pobreak.

Erregeek Erdi Aroan gizartearen aginte osoa edo absolutoa zuten.

Erlijioak Erdi Aroan indar haundia zuen; 
Kleroak edo apaizek herritarren bizitza baldintzatzen zutelarik.


Nekazariak Erdi Aroan erregearentzat eta apaizentzat (kleroa) lan egiten zuten.


Erdi Aroko Mendebaldea

Mendebaldea esatean, Erdi Aroan, lekua baino areago, zibilizazioa adierazi nahi da. Mendebaldea Erromako kristautasunaren eremua da, latina erlijio hizkuntza duena. Mendebaldeko Europarekin bat egin lezake (nahiz eta Europa hitza bera Pizkundearen aurretik oso gutxitan erabili zen), Mendebaldeko Erromatar Inperioarekin guztiz bat egin gabe. Ekialdeko mugak lausoak ziren, eta aroan zehar mugitu ziren. Ekialdeko Zismaren ostean (1054) batik bat, Mendebaldea eta Bizantziar Inperioa bereizi ziren, zio politikoengatik, erlijiosoengatik baino areago. Banantze horrek kristautasunaren lehenengo bi adarrak, eliza katolikoa eta ortodoxoa, ekarri zituen. Haustura 1204an areagotu zen, Konstantinopla bizantziar hiriburua gurutzatuek hartutakoan IV. Gurutzadan.

Hortaz, Mendebaldea, Erdi Aroan, erromatar kristautasunarekin dago lotuta ezinbestez. Gerra eta misioak zirela kausa, Erdi Aroan zehar hedatu zen eremu hori Europan bertan. XVI. mendean, kontinente zaharretik kanpora ere zabaldu zen egin ziren aurkikuntza handiak zirela eta (Amerika, Indiarako bidea...). Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko mendebalde hori ez zen guztiz batutako kultura eremua. Izan ere, hizkuntza- eta politika-bereizketa ugari egon bazeuden, inperioa ezartzeko saioak gorabehera. Gainera, latinetik eratorritako hizkuntzak garai honetan garatu ziren. XVI. mendean, protestantismoaren sorrerarekin, batasun erlijiosoa ere hautsi zen.

Zibilizazio hartan, gizarteak piramide bat osatzen zuen. Behean, nekazariak zeuden, populazioaren %90. Erpinean, erregea zegoen. Erdian, bi adar antzeman daitezke: noblezia eta apaizteria. Bien goiko aldean, printzea eta apezpikua zeuden hurrenez hurren. Printzearen azpian, baroiak, beheko noblezia (infantzoiak, jauntxoak) eta lur-jabeak.


Kristautasuna


Arkitektura erromanikoa, Goi Erdi Aro amaieran garatu zen estiloa (Eunate, 1170 inguru)

Kristautasuna Erdi Aroko historiaren bihotzean datza. Izan ere, garai honetako pentsamoldea markatzen du zeharo. Erromako Aita Santuaren inguruan antolatuta, Mendebaldeko Erdi Aroko mugak eta mundu kristau katolikoenak bat dira.

Elizaren antolakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioaren garaian (Milango ediktuaren bidez, 313an, kristauek gurtzeko askatasuna lortu zuten) Estatuko erlijio bihurtuta, kristautasuna Europan zehar Erdi Aroko lehenengo mendeetan hedatu zen. Erlijioaren zabalkuntzarekin batera, elizaren hierarkia ere eraikitzen joan zen, Aita Santuaren inguruan. Elizaren burua izanik, Erromako apezpikua Mendebaldeko botere nagusienetakoa zen, haren autoritate espirituala Petri apostoluaren ondorengotzan oinarritzen baita.

Bilakaera hau motela izan zen (V. mendetik XIII. mendera), dena den, eta oztopo andana gainditu behar izan zituen. Lehenik eta behin, Elizako dogmak kontzilioetan finkatzen ziren, eta, horretarako, denbora igarotzea beharrezkoa zen. Izan ere, zenbait dogma ez onartzerakoan, heresiak sortzen ziren, Elizaren ustetan, desagertu beharrekoak, onartutako sinesmen aitormena nagusi zedin. Horietako bat bisigodoen arrianismoa izan zen, zeinek Iberiar penintsulan VII. mendera arte iraun zuen.

Horretaz gain, Bizantzioko Elizaren gainean gailendu behar izan zuen Erromako Elizak. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren desagerpenarekin, askoz boteretsuago suertatu zen zutik zirauen Inperioaren hiriburuko eliza, Bizantziokoa hain zuzen ere; eta ez zen Erromarenganako mendekotasunik onartzeko prest agertu. Onartzekotan, berdinen arteko maila handixegoa aitortuko zion Erromari. Nolanahi ere, bizantziarren ikonoklasiaren krisialdiarekin (726843), Erromako elizak gero eta autoritate gehiago lortu zuen ekialdekoen aurrean. Ekialdeko Zisma gertatzerakoan (1054an Erromako Aita Santuak eta Bizantzioko Patriarkak elkar eskumikatu zuten) norbanakoen aginte-eremua argi ezarri zen.

Hori bezain garrantzitsua liturgia bakarra ezartzeko auzia da. Izan ere, tokian tokiko elizak bere usadioak zituen ekitaldi kristauak ospatzerakoan. Irlandako liturgiak Pazkoa beste data batean kokatzen zuen, eta Britainia Handian ere eragin handia izan zuen Whitbyko sinodora arte (664). Kristautasuna hedatu ahala (batik bat erresuma anglo-saxoietan eta frankoen artean), Erroma saiatu zen Elizako ohitura orok bat egin zezan, besteak beste, bere nagusitasuna bermatzeko.

Elizak beste oztopo bat botere laikoetan topatu zuen, Aita Santuaren eraginari aurre egin baitzioten, nork bestearen aferetan eskua sartu nahi baitzuen bere kasa zuzentzeko. Esaterako, lonbartar erregeek Erroma azpiratu nahi zuten. Hori zela eta, Aita Santuak Karolingiarrengana zuzendu ziren laguntza eskean VIII. mendearen erdialdean. Elkarrenganako laguntza honen ondorioz, mendebaldean inperioa sortu zen berriro Karlos Handiarekin (800). Hala ere, Enperadorearen eta Aita Santuaren paperak ez zeuden zehaztuta. Hastapenean, Aita Santuaren eraginaren kalterako izan zen, baina geroago enperadore titulua desagertu egin zen, hain ahulduta zegoen eta. X., XI. eta XII. mendeetan elizaren barnean hainbat erreforma egin ondoren, indartu zen Aita Santuaren papera. Inbestiduren Auzia deritzon prozesuan, germaniar Enperadoreari aurre egin zion. XIII. mendean, botere erlijiosoa gailendu zen, hein handi batean eskumikatzeko gaitasunari esker, baita gurutzadak eta lortutako benetako boterea eta aberastasuna zirela-eta ere. Inozentzio III.ak, bere agintaldian (11981216), abian jarri zituen Dictatus Papae izeneko buldan ezarritako printzipioak (1075), pontifize-teokrazia zeritzona, alegia.


Europaren kristautzea

Klovisen bataioa. Eliza eta frankoen arteko ituna ezarri zen honela.

Ebanjelioetako apostoluen ereduari begira, irizpide katolikoen arabera, «lurreko mugetaraino» hedatu behar du Elizak, fedeak batzen duen erakundeak. Horretarako, Erdi Aroan bi modu erabili ziren; alde batetik, era bakezalea eta espirituala, predikazioa, gizabanakoen borondatezko konbertsioa; beste aldetik, ordea, era bortitza eta borrokazalea, Germanian gertatu zen bezala, non kristautzeko prozesua frankoen konkisten eskutik joan zen.

Goi Erdi Aroan, Erromak, ahal zuenean, babestutako misiolarien lanak bi helburu nagusi zituen, kristautzeari dagokionez. Lehenengoa herri baten elitea edo buru nagusia konbertitzea zen, honek herriaren gainerakoak kristautzeko egundoko babesa ekarriko liekeelakoan. Honen eredua frankoen kristautzea izango litzateke, haren erregea Klovisek 496an edo 498an kristautasun erlijioa hartu zuenean (kristautu zen lehen errege germaniar paganoa). Bigarrena, nagusien azpian zeuden jende xeheei Kristoren mezua helaraztea izango litzateke, neurtzen zailagoa den prozesua (ez dago ahazterik «paganus» landetan bizi denari izendatzen zitzaion latinez). Apaiz askoren lana izan zen, eta haietako batzuk ezagunak dira: San Kolonbano Galian, San Agustin Canterburykoa Kent eskualdean, edo San Bonifazio Frisian.

Antzinako germaniarrak kristautzeko prozesuan, lehenengo pausoak Erromatar Inperioan bertan eman ziren, honek eta honen erlijio kristauak zeukan ospea zirela eta. Hala ere, eskala txikiko banan banako konbertsioak izan ziren.

IV. mendean gertatu ziren lehendabiziko kristautze masiboak, godoek arrianismoa (Eliza Katolikoak heresia izendatutako adar kristau bat) hartu baitzuten. Kristautasun katolikoa bere erlijiotzat jo zuen lehen germaniar herria frankoak izan ziren, 496an edo 498an Reimsen bataiatu zirenean. Hala ere, VII. mendean ere hainbat usadio paganok bizirik zirauten. Lonbardiarrak ere, Italian sartzerakoan, VI. mendean, kristautu ziren.

Nolanahi ere, horren aurretik Irlandako kristautzea iritsi zen, San Patrizioren eskutik V. mendearen lehen erdialdean. Irlanda, kontinenteko mugimenduetatik at egon arren, azkar kristautu zen, eta 590 inguruz geroztik misiolari andana abiatu ziren bertatik Europa (Britainia Handia eta Germania batik bat) kristau bihurtzera. Britainia Handiaren konbertsioa Gregorio I.a Aita Santuak Kentera bidalitako komisio batekin hasi zen 596an. X. mendera arte, hein handi batean era independentean, irla kristautzean jardun zuten.

Kontinentean, frankoak kristaututa, saxoiak bortizkeria erabiliz konbertitu zituen Karlos Handiak VIII. mendearen amaieran. Eskandinaviari dagokionez, lehen misiolariak VIII. mendean iritsi ziren, baina XII. mendera arte ez zen burutu. Samiek, ordea, XVIII. mendera arte pagano jarraitu zuten. Baltikoko herriak ere bortizki konbertitu zituzten Iparraldeko Gurutzaden bidez, alemaniarrak ekialdera hedatzen ziren bitartean. Poloniako erregeak, Mieszko I.ak 966an onartu zuen, bere boterea indartuko zelakoan. XIII. menderako, erromatar katolizismoa Poloniako erlijio nagusia zen. Hungariako Erresuma (egungo Hungaria baino handiagoa) 970 eta 1038 bitartean kristautu zen.

Bulgaria, mendebaldeko eta ekialdeko elizen artean, Boris I.aren agintaldian hasi zen konbertitzen ekialdeko elizaren eskutik. Eliza horrek egungo Bielorrusia, Errusia eta Ukraina ere kristautu zituen, VIII. mendean hasita. Nolanahi ere, 980 inguruan hartu zuen kristautasuna Vladimir Handiak, eta prozesua XIII. mendera arte ez zen burutu.

Islama erlijio nagusia zuten tokitan ere hedatu zen kristautasuna Erdi Aroan, bortizkeria erabiliz gehienetan. Hala, gertatu zen Iberiar penintsulan 722tik (Covadongako borrokaren ustezko data) 1492ra arte, non Granada, zutik zirauen azken erresuma musulmana, erori zen. Ekialde Hurbilean prozesu berdintsua gertatu zen, era handiagoan, lehen aldiz 1095ean Urbano II.ak deitutako Gurutzaden bidez. Nolanahi ere, Ekialde Hurbilean eratutako estatu kristauak azkenean ere erori ziren, Bizantziar Inperioak Otomandar Inperio musulmanaren aurrean (1453) egin zuen bezala. Prozesu honetan kristautasunak atzera egin zuen islamaren mesederako.


Heresiak

Kataroak Carcasonatik kanporatuta 1209an.

Heresiaren kontrako borrokaren historia luzea zen Eliza Katolikoan barnean. Erdi Aroko Mendebaldean, arrianismoa izan zen lehenengoetakoa, zeinek Hirutasuna zalantzan jartzen zuen. Godoek kristautasunaren adar hau onartu arren, Rekaredo erregeak 589an katolizismoa hartu zuen.

Geroztik, noizean behin garatu ziren, batez ere 1000. urtearen inguruan, baina oso gutxitan finkatzen ziren eskualde bateko populazio gehienaren artean. Hala gertatu zen Okzitanian katarismoarekin, edo Bohemian Jean Husekin (13691415), besteak beste.

XII. mendetik aurrera, Elizak eskeko ordenen laguntza, frantziskotarrena eta, batez ere, domingotarrena, izan zuen heresien hedapena mugatu ahal izateko. Elizaren batasuna bermatzeko, Elizak bitarteko bortitzak erabili zituen hainbatetan: hala nola, Gurutzada Albitarra, Hustar Gerrak, Gregorio IX.aren (12271241) Inkisizioaren sorrera…


Monarkia

Erdi Aroko Mendebaldea erregeek gobernatu zuten, baina ez era ahalguztidunean, mugak baitzituen. Izan ere, monarkek beste botere batzuk (tokian tokiko nobleak, edo Eliza Katolikoa) aintzat hartu behar zituzten. Behe Erdi Aroan, ordea, erregeen boterea handituz joan ziren hainbat tokitan (Ingalaterran, Frantzian edo Iberiar penintsulan).

Monarkia Erromatar Inperioaren erortzean eta errege barbaroak etortzean sortu zen Europan. Errege boterea aitarengandik semearengana eskualdatzen da, leinuak osatuz. Haren estatus gorena erakustearren, zenbait ikur bereganatuz joan ziren: koroa, tronua, zeremonia-multzoa, altxamendua...

Dena den, monarkia Europan garaiko sistema politikorik hedatuena bazen ere, ez zen bakarra. Hainbat errepublika sortu ziren, Veneziakoa esaterako. Aita Santuen Lurraldean, Eliza zen jauna, Aita Santuak erregeen antzera gobernatzen zuelarik. Eskumikua arma gisa erabilita, edozein lur-botereri, enperadoreei ere, aurre egiteko gai izan zen. Izan ere, enperadorearen papera bitxia da. Alde teorikoan, botere unibertsala du, kristautasun osoaren gainekoa. Hala ere, Eliza eta tokian tokiko nobleak eta erregeak topatuko ditu aurrez aurre.

Feudalismoa eta basailutza

Sakontzeko, irakurri: «Feudalismo»


Omenaldi baten miniatura.

Muga lausoko kontzeptua bada ere, esan daiteke Erdi Aroko sistema politiko nagusia feudalismoa izan zela. Horretan, elkarrenganako betebeharrak zituzten jaunek eta haien mendeko basailuek, omenaldiko zeremonia batean ezarri den bezala. Basailuaren betetzekoa leialtasun militarra eta politikoa (auxilium et consilium) ematea da. Horren trukean, jaunak basailuari mantenua eman behar dio, (gehienetan) lurralde baten gaineko atarramentua (feudo bat) alegia.

Sistema feudal hau X. eta XI. mendeetan botere publikoaren ahultze-prozesuaren ondorioa izan da. Enperadoreak, erregeak eta printzeak ez ziren tokian tokiko jaunen gainean euren boterea ezartzeko gauza. Hori zela eta, aurrez aurreko erlazioa nagusitu zen, elkarrenganako mesederakoak ziren eskubideak eta betebeharraz eratuz. Honela, piramide bat osatu zen non erpinean erregea zegoen. Haren azpian, zehazki kokaturik, gainerako nobleak garrantziaren arabera.

Artea

Erdi Aroko artelan gehiena erlijiosoa zen, gehienetan Elizak, edo Elizaren gizabanako boteretsuek, apezpikuek esaterako, edo bizitza amankomuneko elkarteek, komentuek esaterako, eskatzen eta ordaintzen baitzuten artea. Gainera, oso maiz erabilpen liturgikoa zeukan: gurutzeak edo erretaulak, besteak beste.

Erdi Aroko funtsezko gaietako bat errealismo eza da. Irudigintzako perspektibaren inguruko eta gizakien figura ulertzeko ezaguera franko Erromako erorketarekin galdu zen. Hala ere, historialari ugarik adierazi dute errealismoa ez zela Erdi Aroko artisten kezka nagusia. Mezu erlijiosoa iragarri nahian, irudi ikonikoak zehaztasun handiz egindakoak baino ziren beharrezkoak.

Arkitektura

Sakontzeko, irakurri: «Erdi Aroko arkitektura»


Sangüesako Santa María elizako atea.


Mendebaldeko Europako arkitektura Erdi Aroan hiru epetan banandu ohi da. Aurre-erromanikoa da Goi Erdi Arokoari ematen zaion izena. Hurrengo garaietan ez bezala, lehen epe horretan kontinente osoan ez zen estilo bakarra garatu, baizik eta hainbat tokitan bere eran eraiki zuten: merovingiarra, karolingiarra, otoniarra edo asturiarra.

Erromanikoa, estilo nagusia XI. eta XII. mendeetan, Europa osoko lehen estiloa izan zen Erromako garaietatik. Izan ere, adibideak kontinente osoan zehar daude. Puntu erdiko arkuak ditu ezaugarri behinena. Honen eratorria, XII. mendeko Saint-Denisko abadian sortu zen bezala, arte gotikoa izan zen. Honetan, teknikan emandako aurrerapausoak zirela eta, altuera handiko katedralak dira ikur nagusia.

Literatura

Hasiera eta amaiera

Lehen aipatu den bezala, eskuarki Erdi Aroko hasiera eta bukaera datak K. o. V. eta XV. mendeak izaten dira. Hala ere, herrialde eta historialarien arabera, data horiek gora edo behera egiten dute. 

Erromatar inperioak izan zituen inbasioak (K.o. 100 - 500 urteen bitartean.


Hasiera data 476an kokatzen da jeneralean, Erromatar Mendebaldeko Inperioko azken enperadorea, Romulo Augustulo, tronutik at utzi zutenean. Hala ere, data hori ez da, berez, oso garrantzitsua, orduko enperadoreen benetako boterea oso ahula baitzen. Historialari batzuek Erdi Aroaren hasiera III. mendeko krisialdiaren ostean kokatzen dute, ekonomian (hiriak hustu ziren), gizartean (kristautasuna nagusitu zen) eta politikan (Diokleziano eta Konstantino enperadoreek ezarritako erreforma ugariei esker hein handi batean) aldaketa andana gertatu baitziren. Beste batzuek, Henri Pirennek edo Peter Brownek kasu, aldiz, Erdi Aroaren hastapena VII. eta VIII. mendeetan kokatzen dute, islamaren hedapenarekin batera. Garai horri Berant Antzinaroa deitzen diote.

Erdi Aroa noiz amaitu zen erabakitzea are zailagoa da. Izan ere, Europan, herrialdearen arabera data bat edo bestea hautatzen da. Italian, esaterako, XV. mendea ikertzen duten historialariek Pizkundeko ikerlaritzat jotzen dute euren burua. Europako gainerako lurraldeetan XV. mendearen hasiera Erdi Aroa da inondik inora. Gehienetan gertaera batzuk aukeratzen dira amaiera ezartzeko. Turkiarrek Konstantinoplaren hartzea edo Ehun Urteko Gerraren bukaera (biak 1453an gertatuta) ohikoak dira. Johann Gutenbergek inprimagailuaren asmatzea (1455 inguruan), Ingalaterrako erregetzan Yorktarren ordez Tudortarrek boterea hartzea (1485ean), Iberiar penintsulako azken estatu musulmanaren erorketa edo Amerikaren Aurkikuntza (biak 1492an), Erreforma Protestantearen hasiera (1517an), edo Lepantoko borroka ere (1571n) hartu izan dira Erdi Aroa eta Aro Modernoaren arteko muga ipintzeko.Gainera, Mendebaldeko Europan, Erdi Aroa bera beste garai txikiagotan ere banantzen da. Hemen ere, herrialde eta eskolaren arabera, izen bat edo bestea jasotzen dute garai horiek, aditu guztiak bat ez datozelako. Datak, ordea, finkoagoak dira. Hemen eredu frantsesari eutsi zaio. Lehenengo aroa, Erromatar Inperioaren amaieratik 1000 arte, gutxi gorabehera (batzuetan atzerago eramaten da), Goi Erdi Aroa izango litzateke, nahiz eta hainbat tokitan Lehen Erdi Aroa ere deitu. Bigarrena, XI, XII. eta XIII. mendeek Erdi Aro Klasikoa osatuko lukete (urte horietan Erdi Aroko ezaugarri nagusiak –basailutza, gurutzadak, Aita Santuen eta Alemaniako enperadoreen arteko gatazka– gailurrean leudeke). Hirugarrena, XIV. eta XV. mendeak Behe Erdi Aroa (beste tokietan Azken Erdi Aroa) izango lirateke (XIV. mendeko krisialdiak -krisialdi ekonomikoak, Izurri Beltzak, Ehun Urteko Gerrak- aldaketa ekarriko bailuke).


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina