2020(e)ko apirilaren 28(a), asteartea

Olatz Arrieta kazetaria

Olatz Arrieta


ELKARRIZKETA

OLATZ ARRIETARI ELKARRIZKETA
Olatz Arrieta askotan izan dugu ETBko albistegietan. Izan ere, Martutene (Donostia) auzoko neska honek, 15 urtez ETB-ko Estatu Batuetako berriemailea, ibilbide berri bat hasiko du Bruselan.


Nola jakin nahi zenuen, handitan zer ikasi nahi zenuen?
Historia, gizartea eta literatura ikasgaiak asko gustatzen zitzaizkidan, eta zientzia eta matematika gaiak ez nituen hain gustuko. Asko irakurtzen nuen: batez ere abenturazko liburuak, eta beste herrialde batzuetan gertatzen diren istorioak. Beraz, idaztearekin, bidaiatzearekin, eta historiarekin lotutako zerbait egin nahi nuela argi neukan. Egunkaria irakurtzeko eta albisteak telebistan ikusteko ohitura ere banuen. Beraz, konturatu nintzen kazetaritza gustatzen zitzaizkidan gaiekin lotuta zegoela .

Ingelesa nola ikasi zenuen?
Donostian, akademia batera joaten nintzen. Ondoren, pare bat uda Irlandan eman nituen lanean, eta ingelesa ikasten. 

Espainian kazetaritzak egoera larri bat bizi du, zein da lanbide honen egoera EEBB-etan?
Estatu Batuetan diru sarrera berrien bila dabiltza komunikabideak, Internetek ekarri duen iraultzak gauza asko hankaz gora jarri dituelako, baina kazetarien artean langabezia ez da Espainian bezain handia, kazetari gehienek ez dute komunikabideetan lan egiten, komunikazio gabineteetan baizik.

Ikasle garaian, imajinatzen al zenuen horrelako lan bat lortuko zenuenik?
Pentsatzen nuen, ondo prestatuta egonez gero eta gauzak ilusioarekin eginez gero, posible izango zela nire gustuko lana aurkitzea. Dena den, garai hartan ez nuen sekula imajinatu telebistan ariko nintzenik, nahiko lotsatia izan naizelako beti.

Nola sortu zitzaizun New Yorkera lanera joateko aukera? Hori izan al zen zure lehenengo lantokia?
New Yorkera ikastera etorri nintzen, nazioarteko politikan master bat egitera. Hemen nengoela, Euskadi Irratiko berriemaile bezala hasi nintzen.
Gero ETBk New Yorken berriemaile bat izatea erabaki zuen, eta niri eskaini zidaten lanpostu hori.
Telebistan eta irratian hasi aurretik, Internet enpresa batean ere aritu nintzen lanean, New Yorken. New Yorkera etorri aurretik, ETBn egin nuen lan, Iurretan. Bestalde, Errusian ikasten aritu nintzen, eta
Euskadi Irratirako kolaborazioak egiten nituen.

Olatz Arrieta berri-emaile

Bukatzeko, mota honetako elkarrizketetan beti sartzen den galdera, noizbait zure zonaldera itzultzeko eta bertan lan egiteko asmorik al duzu?
Otsailak 15a nire azkeneko lan eguna izan zen Estatu Batuetan, martxotik aurrera Bruselan izango naiz berriemaile ETBrako. 15 urte eman ditut Estatu Batuetan bizitzen eta aldaketa handia izango da lan aldetik eta bizitza aldetik, baina Europan etapa berri bat hasteko gogo handia daukat. Estatu Batuetako komunikabide eta kazetariengandik asko ikasi dut eta mundu mailan albiste izan diren gai asko jorratzeko aukera izan dut euskadi irratian eta ETBen.

Iturria: “Olatz Arrietari elkarrizketa”. Bihitzetan blogpost. 2013ko otsailaren 22a
Eñaut Larreinak egina. Moldatua.


Irakurri baino lehen
1. Zer adierazi nahi du “elkarrizketa” hitzak? Pentsatu beste lau hitz konposatu:

2. Normalean, nori egiten zaio elkarrizketa bat eta zein helbururekin?

Irakurri ondoren:
1. Zergatik ikasi zuen Olatz Arrietak kazetaritza?

  • a) ETBn lan egin nahi zuelako.
  • b) Gustuko zituen ikasgaiak kazetaritzarekin lotura dutelako.
  • c) Historia eta literatura irakaslea izan nahi zuelako.
  • d) Komunikazio kabinete batean lan egitea argi zuelako 15 urte zituenetik.


2. Olatz Arrietari elkarrizketa egiten dionak zera dio: “”Espainian kazetaritzak egoera larri bat bizi du”. Testuan oinarrituta, zergatik uste duzu esaten duela hori?


3. Esan ondoko esaldiak egia (E) edo gezurra (G) diren, edo ez den informaziorik ematen (IG):

  • Estatu Batuetan kazetarien artean langabezia Espainian baino handiagoa da.
  • Estatu Batuetan kazetari gehienek komunikabideetan lan egiten dute.
  • Espainian kazetari gehienek komunikazio kabineteetan lan egiten dute.


4. Olatz Arrietak zera dio elkarrizketan: “Estatu Batuetan diru sarrera berrien bila dabiltza komunikabideak, Internetek ekarri duen iraultzak gauza asko hankaz gora jarri dituelako”. Aipatu Interneten ondorioz aldatu den gauza bat eragina izan duena
komunikabideen diru sarreran.


Ariketa osagarriak:

1. Ordenatu denboraren arabera Olatz Arrietaren jarduera hauek, lehenengotik hasita:


  • Internet enpresa batean aritu zen lanean.
  • ETBrako berriemailea izan zen New Yorken.
  • Irlandan eman zituen bi uda.
  • Nazioarteko politikan master bat egin zuen.


2. Gogoa al du Olatz Arrietak Bruselan lan egiten hasteko?

  • a) Ez, aldaketa handia izango delako lan aldetik eta bizitza aldetik.
  • b) Bai, ETBrako lanari utzi nahi diolako.
  • c) Ez, komunikabide eta kazetariengandik asko ikasten ari delako Estatu Batuetan.
  • d) Bai, hala adierazten duelako


3. Zer nolako jarrera adierazten du Olatz Arrietak elkarrizketa honetan?

  • Ezkorra
  • Baikorra
  • Mesfidantza
4. Nagusitan zein lanbide izatea gustatuko litzaizuke? Zergatik?









iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina