2024(e)ko urriaren 9(a), asteazkena

Gimnasia erritmikoa

 Gimnasia erritmikoa 

Gimnasia erritmikoa hainbat diziplina batzen dituen kirola da: balleta, gimnasia eta dantza, eta hainbat objekturen erabilpena egiten da: soka, uztaia, pilota, mazoak eta zinta.
Kirol horretan, erakustaldiak zein lehiaketak egiten dira eta bertan gimnastak musika segitzen du mugimenduen erritmoa mantendu ahal izateko. Bi eratara praktika daiteke: banakakoan eta taldean. Gimnasian erritmikoan harmonia, grazia eta edertasuna garatzen dira mugimenduen bitartez, musika eta teknikaren arteko nahasketa batean, ikuslearen asetze bisuala lortzeko. Bereziki emakumeek praktikatzen duten arren, azken urteetan gizonezkoen partaidetza handitzen ari da. Probak tapiz baten gainean egiten dira eta banakakoen ariketek 90 segunduko eta taldekoek 150 segunduko luzera izaten dute.
Beste gimnasia diziplina batzuen antzera, Rousseau-ren ikerketetan oinarrituta dago, denboran zehar eraldatua izan dena, beti musika eta dantzari lotuta, 1930 hamarkadan Sobietar Errepublikan kirol moduan ezarria eta Alemanian aparatuen erabilera sartuta.
Nazioarteko Gimnastika Federazioak zuzentzen du, eta horrek sortzen ditu puntuazio kodeak eta antolatzen ditu eliteko nazioarteko txapelketa nagusia: Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketa, Munduko Kopa eta Europako Txapelketa.


Gimnasia erritmikoaren historia


1930. hamarkadan sortzen den kirola da, SESBn (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna). Kirol hau bereziki emakumeentzako soilik sortu zen, eta bere aurrekariak XVIII. mendean Europa mendebaldeko mugimendu eta sistema gimnastiko ezberdinak izan ziren.

Gaur egun gimnasia erritmikoa ezagutzen dugun moduan 1950eko hamarkadan garatu egin zen. 1963. urtean, Budapest hirian lehenengo Gimnasia Erritmikoko Nazioarteko Txapelketa antolatu zen. Urtebete beranduago ofizialki onartu zen. Lehenengo munduko txapelduna Ludmila Savinkova, Sobietar Batasunekoa izan zen. 1975. urtean Gimnasia erritmikoko lehenengo Batzorde Teknikoa eratu zen eta 1963. urtean Gimnasia erritmikoko lehenengo mundu kopa ezarri zen.

1984. urtean Los Angelesko Joko Olinpikoetan diziplina olinpikoa izatera pasa zen. Lehenengo Olinpiadetako banakakoen atalean urrezko domina Lori Fung eraman zuen. Taldekako atala 1996. urtean onartu zen, Atlantako Joko Olinpikoetan. Orduan Espainiak jaso zuen urrezko domina. Gimnasia Erritmikoak arrakasta itzela izan ohi du Olinpiadetan, zuzenean ikusteko erakargarritasun handia dela eta ekitaldien sarrerak agortzeko lehenengoak izan ohi dira.

Gaur egun, Bulgaria, Italia, Bielorrusia eta Errusia munduko lehenengo postuetan daude. Mundu mailan nesken artean gimnasia erritmikoa gehien praktikatzen den kirola izan ohi da.
Nazioarteko Gimnastika Federazioak emakumezkoen modalitatea onartzen du bakarrik. 70. hamarkadan zehar gizonezkoen kategoria ezagutzera eman zen, eta 2003an gizonezkoen lehenengo munduko txapelketa ospatu zen. Espainiako federazioak gizonezkoen parte hartzea onartu egin da.


Gimnasta baten ezaugarriak eta prestakuntza


Gimnasta baten kirol ibilbidea motza izaten da beste kirol batzuekin konparatuz. Normalean, oso gaztetan hasten da kirola praktikatzen, junior kategorian 13 betetzen diren urtean, eta senior kategorian 16 betetzen diren urtean sartzen direlarik. Forma fisiko hoberena adoleszentzian lortzen da (15-19 urte), nahiz eta azken urteetan gero eta arruntagoa den puntu hori 20 urte baino gehiagorekin lortzen duten gimnastak ikustea. Almudena Cid eta Carolina Rodriguez-ek txapelketa internazionaletan parte hartu zuten 28 eta 30 urterekin, eliteko gimnasta karrera luzeendunak kontsideratuz.

Gimnasta hauen gorputza, gimnasta artistikokoena baino meheagoa eta definizio gutxiagokoa izan ohi da. Kirolak duen koordinazio eskakizun altuaren ondorioz, simetria eta bilateralitate printzipioak oinarrizkoak dira, exekuzio on bat lortzeko.

Duen zailtasun teknikoa eta hau adin laburrean lortzeko beharra direla eta, kirolean ahalik eta lehen hasi beharra dago (2-6 urterekin), maila altura iritsi nahi bada. Kirolak eskatzen dituen edertasuna, harmonia eta kemena erakutsi ahal izateko, gimnastak beharrezkoak izango ditu indarra, potentzia, malgutasuna, arintasuna, trebetasuna eta erresistentzia.

Orokorrean esan daiteke, gimnastikak hiru alderdi garrantzitsu landu behar dituela: gorputz mugimendua, aparatuen erabilera eta musikarekiko lotura.

Prestakuntza modura, gimnasta eskola adinean hasten da mugimendu teknikoak lantzen. Aparatuen erabilera gutxinaka egiten da, kirolaria aparatu bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen joan ahal izateko. Prestakuntza hau etorkizunerako egiten da, non gimnastak aparatuekiko eta gorputzarekiko kontrola irabaziko duen. Entrenamendua ematen den bitartean, oso garrantzitsua izango da elikadura egoki bat mantentzea, errendimendu ona eduki ahal izateko.



Mugimenduak

Gorputz mugimenduak deiturikoak izango dira banakako eta taldekako ariketen oinarria, eta hauek hanka baten edo biren gainean, norabide eta plano ezberdinetan, toki aldaketarekin edo gabe eta gorputz osoaren mugimenduekin koordinatuta izan daitezke. Mugimendu hauen eta musikaren erritmoaren eta nortasunaren arteko harmonia bat mantendu beharko da. Gorputz mugimendu nagusiak hurrengoak dira:

  • Jauziak: airean forma bat mantentzean datza. Zailtasun elementu bezala kontatua izan dadin, altuera, forma garbia eta aparatuaren mugimendu batekin koordinatuta egotea izan beharko ditu. Jauzi adibide batzuk dira: zankada (grand jeté), kosakoa, cabriole eta butterfly.
  • Orekak: gimnastak orekan dagoela figura bat mantentzen du, segundu batez baino gehiagoz, normalen hanka baten gainean. Relevén edo oin osoaren gainean edo beste gorputz atalen gainean ere egin daitezke, beti aparatu mugimendu batekin koordinatuta. Adibide batzuk dira: passé, penché, arabesque eta attitude.
  • Birak: oreketan bezala, relevén, oinaren gainean edo beste gorputza zatien gainean egiten dira. Kasu honetan, gimnastak figura bat mantentzen du gutxienez 360 graduko bira egiten duen bitartean, forma mantenduz. Hauek ere aparatu mugimendu batekin koordinatuta egon behar dira. Bira adibide dira: passé eta fouetté.
  • Malgutasuna eta ondak: oin baten, bi oinen edo beste gorputza atal baten gainean egin daitezke, eta apratu mugimendu batekin koordinatuta egin behar dira. 2013-2016 puntuazio kodean desagertu egin zen talde hau. 2021-2024 puntuazio kodean berriz ondak beharrezko multzoa bihurtu dira.


Elementuak

Gimnasia erritmikoan elementu ezberdinak daude, adibidez jantzia eta aparatuak: soka, uztaia, pilota, mazoak eta zinta. Ikus ditzagun:
  • Jantzia. Gimnastek erabiltzen dituzten jantziak aldatzen joan dira historian zehar, lehen urtetako maillot sinpleetatik gaur egungoetara. Oraingo maillotek diseinu konplexuak eta itsatsitako milaka Swarovski markako harri bitxiak izaten dituzte. Maillot hauek ezin dira transparenteak izan eta eskoteak ezin du jaitsi omoplatoen beheko puntutik eta esternoiaren erditik. Oinei dagokionez, gimnastek punterak erabiltzen dituzte, behatzak ezkutatzen dituena, txuriak edo haragi kolorekoak izan daitezkeenak. Ilea jasota joan behar da, eta taldeko gimnasta guztiek modu berean jaso behar dute.
  • Aparatuak. FIG-ak urtero kategoria bakoitzean erabiliko diren aparatuak aukeratzen ditu (bostetik lau erabiltzen dira). Ondoren, aparatu bakoitzaren ezaugarriak aipatzen dira.
    • Soka. Sokarekin birak, kolpeak, jauziak eta jaurtiketak egiten dira. Sokak lurrean jotzen badu penalizazio bat jasoko da. Gaur egun sokaren iraungarritasuna zalantzan jartzen ari da gutxien garatu den tresna delako. Hala ere, oraindik indarrean dago banakako eta taldeetako atalean.
    • Uztaia. Gorputz osoa uztaitik igarotzeko mugimenduak. Egurrezko eta plastikozko materialez egindako uztaiak 80 eta 90cm arteko diametroa izan ohi du. Uztaiarekin mugimendu koordinatu eta aldakor asko egiten dira, orokorrean jaurtiketak eta biraketak mugimenduak ezagunak dira. Uztaiarekin mugitzean gimnastaren malgutasuna erakusten da, uhinak sortzen, jauziak, orekako ariketak eta birak egiten dira.
    • Pilota. Pilotaren kasuan kirolariak ez du inoiz eramateko indarrik erabiliko. Pilota ez da inoiz lurrean geldirik egon behar, beti biraka. Mugimenduen artean garrantzitsuenak: erreboteak, birak, zortzi formako formak, jaurtiketak, beso eta hankekin jasoketak. Jaurtiketak gorputz guztiarekin egiten dira, hanketatik hasita, hauekin inpultsoa hartuz, eta besoetara, hauekin jaurtiketaren norabidea markatuko dugu. Pilota jasotzeko orduan zaratarik ez ateratzeko, besoak erabat luzatzen dira. Boteek ere isilak izan behar dute; horretarako, jaurtiketetan egiten den bezala pilotaren ibilbidea eskuekin jarraitzen da. Biraketak pilota gorputzetik edo lurretik biratzen dugunean izaten dira. Biraketa irauten duen bitartean pilotak ez du saltorik eman behar.
    • Mazoak. Mazoekin errotatxoak, birak, jaurtiketa eta bestelako figurak sortzen dira. Mazoak elkarri jotzean indar gutxirekin egin behar da. Tresna honek bi eskuetan zehaztasun maila altua eskatzen du.
    • Zinta. Zintarekin airean eratzen diren formak garrantzia dute. Espiralak, sigi-saga, jaurtiketak eta abar. Zintaren bukaerak beti mugimenduan eta airean egon behar du.
Gimnasta bat zintarekin ariketa burutzen.


Gimnasia erritmikoaren oinarriak

  • Formatua: kirol hau banaka edo bost gimnastaz osatutako taldean praktika daiteke.
  • Ofizialki taldeak 5 kidez osaturik, aukeran 5 tresna berdin eraman ala hiru tresna berdinarekin eta bik beste batekin. Hala ere, hasieran 6 gimnasta parte hartzen zuten, 80. hamarkadan 8 izan ahal ziren. Taldean egindako ariketa bat 2 minutu eta erdikoa izan behar da, eta banakakoetan minutu eta erdi.
  • Puntuatzeko era: ariketa baten azken emaitza zailtasuna eta exekuzioaren emaitzen batuketa izango da. Alderdi bakoitza 10 puntuz balora daiteke gehienez. Beraz gehienez azken puntuazioa 20 puntutara hel daiteke. Bestetik, gimnastak egindako hainbat akats puntuak ken diezaizkioke.
    • Zailtasunaren putuazioa montaiaren balio teknikoan datza. Honetan behatzen dira erabili dituen gorputz tekniken zailtasunak eta tresnak erabiltzeko zailtasun maila. Gorputz zailtasunetan jauziak, malgutasunak, uhinak, biraketak eta orekak kontutan hartuko dira, eta tresnei dagokionez, jaurtiketa, arriskua, akrobaziak eta bestelako elementu berritzaileak.
    • Artiskikoaren puntuazioa berez muntaiak duen balore artistikoan datza. Kontutan hartuko da musika, koreografiaren edertasuna, mugimentuen aniztasuna.
    • Exekuzioari dagokionez musikalki elementu guztien balorazioa egingo da ,eta nola ez, gimnastek egin behar dituzten mugimenduen zehaztasuna behatuko da. Mugimentu guztiak izan ohi dute eredu bat eta honekin konparatzen dira. Eredu honekiko akatsak gehitu egiten dira eta bukaeran jokaldiaren balioari kentzen zaio.

    • Penalizazioak:
      • Tresnak beti mugimentuan egon behar du.
      • Ariketak musikarekin ongi koordinaturik egon behar du.
      • Zailtasun mailak agerian geratu behar du.
      • Pasu ez erritmikoak penalizatuko dira.
      • Baimenduta ez dagoenean eskuak erabiltzean.
      • Tresna edo pertsonaren dantzalekutik irtetzea.
      • Edozein jantzi ez ofiziala erabiltzea.
      • Entrenatzailearen komunikazioa gimnastarekin ariketa burutzen ari den bitartean.


---------------------------------------------------------------

Galderak:

1.- Gimnasia erritmikoak zeintzu disziplina batzen ditu bere baitan?

2.- Gimnasia erritmikoa praktikatzerakoan zeintzu objetu erabiltzen dira?


3.- Zein urtetan eta non sortu zen gimnasia erritmikoa?


4.- Zein urtetan eta non kirol olinpikoa pasatu zen izatera?


5.- Gimnastak zenbat urterekin hasten dira kirol hau praktikatzen?

Eta zenbat urterekin bukatzen dute txapelketetan parte hartzen?


6.- Zeintzu dira gimnasia erritmikoaren mugimenduak?


7.- Nolako jantzia eramten dute gimnastek?


8.- Zeintzuk dira gimnasia erritmikoaren aparatuak?


9.- Gimnasia erritmiko bakarka edo taldeka praktikatu daiteke,

taldeek zenbat gimnasta izaten dute?

10.- Gimnastaren ariketaren emaitza nola baloratzen dute epaileek,

zein da puntuatzeko era?




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina