2023(e)ko martxoaren 8(a), asteazkena

MARIZIKINA NAIZ

MARIZIKINA NAIZ

Arazo txiki bat dut: amari nire izena ahaztu zaio. Ane dut izena, baina, aspaldian, amak Marizikin deitzen dit.

Gaur, afaritan, arrautza gorringoa erori zait elastiko zuriaren gainera. Biribil laranja bat egin du paparrean, gorringoak.

Zikindu egin da –esan diot amari.

Zikindu egin duzu, Marizikin! –erantzun dit amak.

Ez dakit zergatik, baina amari oso garrantzitsua iruditzen zaio kamiseta nork zikindu duena argitzea, arrautzak ala nik, emaitza berbera den arren; biribil laranja bat paparrean. Halakoxeak dira amak. Nirea bai behintzat.

Atzo tomate-saltsaz lohitu nituen galtzak. Hain da zaila tomate-saltsa arropak zipriztindu gabe jatea! Propio horretarako egina dirudi! Koilaratik salto egin eta triangelu gorri bat egin zidan galtzetan, tomateak.

Egiptoko piramide bat zirudien eguerdiko hamabietan, eguzkitan gorri-gorri. Faraoiekin eta Tutankamon bezalako izen barregarriekin pentsatzen ari nintzela, bat-batean, Marizikin! Entzun eta salto egin nuen aulkitik.

Ez dizuet esan. Badut neba bat ere, Antton, eta ni bezain narrasa da, baina ez ni bezain marizikina. Amari ez zaio nebaren izenik ahaztu. Anttoni Antton eitzen dio amak; baita gorringoa, tomate-saltsa edo espinaka-purea erortzen zaizkionean ere.

Ni haserretu egiten naiz amak nebari Marizikin deitzen ez diolako, baina kexatzen banaiz señoritak itxura eman behar du esaten dit amak. Eta nik ez dut ezer ulertzen.

Uste dut mutilentzat ez dagoela marizikin bezalako hitzik. Ez dute halakorik asmatu. Auskalo zergatik. Arraroa da mundua.

Arraroa da guztiz. Pentsa, batzuetan, amak Marizikin! Esaten dit zikintzen ez naizenean ere. Nork entenditzen du hori?

Freskagarria edan ondoren korroka egiten dudanean, adibidez. Edo atzamarra behar ez del lekuan sartzen dudanean. Sudurrean, adibidez. Edo neure buruari kilimak egiten dizkiodanean. Amak eskuan jo eta Marizikin! esaten dit. Eta nik ez dut zikina non dagoen ikusten.

Ez dakizkidan gauza asko daude. Esaterako, handitan zer izan nahi dudan.

Munduan ofizio asko daude, baina amak bat hautatu du niretzat: handitan ni señorita izatea nahi du. Beti ari zait señorita izateko zer egin behar den eta zer ez esaten. Zerrenda osatu dut neure egunerokoan:

Señorita izateko arauak

1.- Ez zikindu.

2.- Ez hautsi galtzarik.

3.- Ez jolastu futbolean.

4.- Ahoa itxita jan.

5.-Ez hitz egin gehiegi.

6.- Ondo orraztu.

7.- Ez esan hitz itsusirik.

8.- Eseri hankak itxita.

9.- Ez haserretu.

10.- Ezkondu, umeak izan eta pozik bizi.

Behin arau guztiak batera betetzen saiatu nintzen –tira, ezkontzarena eta umeena kenduta-, eta antsietate krisi bat izan nuen.

Hala ere, ez nion saiatzeari utzi, eta igandeko bazkarira ondo orraztuta joan nintzen, mototsa eginda, eta ez nintzen oso berbalapiko aritu. Gainera, lehenengo platera eta bigarrena txukun-txukun jan nituen, eta pozak zoratzen nengoen. Amari begiratzen nion zeharka, eta nitaz harro zegoela antzematen nion. Baina, pozaren pozez txokolatezko tarta jaten ari nintzela…

– Horrela ez zara sekula señorita izango! –entzun nion amari haserre.

Txokolate-tanta bat erori zitzaidan ezpain-ertzetik behera. Soineko berria zikindu nuen. 

Negarrez joan nintzen nire gelara, inoiz señorita izaterik izango ez nuelako. Ez nekien nolako lana zen señoritarena, baina amak niretzat aukeratu bazuen ona izango zen, onena; aberastu ere egingo nintzen agian…

Ohean etzan nintzen, ni bezalako marizikin batek zer ofizio izan zezakeen hausnartzera. Eta ez pentsa, aurkitu nituen batzuk! Futbolari, mekaniko, lorezain, zabor-biltzaile, rock talde bateko abeslari, baserritar, sukaldari, iturgin…

Eta bat-batean, argia ikusi nuen. Banekien handitan zer izan nahi nuen! Bazegoen nire neurrira eginiko ofizio bat!!! Zikintzearen truke ordaindu egingo zidaten… Eta agian famatu egingo nintzen… Eta elkarrizketak egingo zizkidaten egunkarietan… Eta ama harro egongo zen nitaz…

ARTISTA izango nintzen! Ordutik, badut sekretu bat. Ezin izaten diot tentazioari eutsi, eta nahita zikintzen naiz batzuetan, tomateak, gorringoak, erremolatxak eta txipiroien tintak nolako formak egiten dituzten ikustearren.

Marraztu ditut ardi gorriak, balea moreak, erreka beltzak, astronauta urdinak, marrazo arrosak…

Baina nire obra gorena amaitu berri dut. “Tutankamon eta señorita” du izena. Seguru amari asko gustatuko zaioka!!!


Uxue Alberdi



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina