2023(e)ko ekainaren 1(a), osteguna

Lurraren lehen itzulia (1519-1522)

 

Lurraren lehen itzulia.

Bidaia

1494ko Tordesillas-eko Hitzarmenaren ondorioz, Gaztelako itsasontziek galarazia zuten espezieen sorlekura joatea ekialderantz nabigatuz eta Afrika itzulinguratuz, Portugaldarren agindupeko lurretatik.

Mendebalderantz nabigatuz Moluketara joateko bide alternatibo bat aurkitzeko asmoa zuten hainbat itsasgizon aurkeztu ziren. Cristobal Colon-en helburua ere horixe zen 1492an. 

1513an Vasco Núñez de Balboak Amerikar kontinentearen mendebaldean beste itsaso bat zabaltzen zela aurkitu zuenean, Atlantikotik “Hegoaldeko Itsasora” pasabide bat aurkitzeko egitasmoak gehitu egin ziren. 

Magallanes eta Elkano.

Fernando de Magallanes itsasgizon portugaldarrak uste zuen pasabidea kontinentearen hego muturrean egon zitekeela, eta Espainiako erregea konbentzitu zuen espedizio baten zuzendaritza bere esku uzteko.  

Espedizioko 238 marinelen % 14 inguru euskal jatorrikoak ziren. Gainontzekoak beste luralde eta Europako hainbat herrialdetakoak ziren: andaluzak, gaztelarrak, portugaldarrak, frantziarrak, ingelesak, italiarrak, alemaniarrak, edo greziarrak. 

Bidaiak bi zati garrantzitsu izan zituen; alde batetik Moluketarako espedizioa, eta bestetik, Lurraren lehen zirkumnabigazioa. Lehenengo zatiaren eragile nagusia Fernando de Magallanes izan zen zalantzarik gabe, eta bigarren zatiarena, berriz, Juan Sebastian Elkano. 


Nao Victoria

Moluketara espedizioa (1519-1521).

1519ko abuztuak 10: Espedizioa Sevillatik irten zen eta irailaren 20an Sanlucarren itsasoratu zen. 

1519ko irailak 26: Tenerifera iritsi ziren eta Afrikako kostaldea jarraitu zuten Cabo Verde eta Sierra Leona ingururaino, handik Atlantikoaren zeharkaldia hasteko.

1519ko  azaroak 29: Ozeanoa zeharkatuta Brasilgo kostaldera iritsi ziren eta hegoalderanzko bideari ekin zioten.

1519ko  abenduak 13: Gaur egungo Río de Janeiron beste eskala bat egin zuten.

1520ko urtarrilaren 12a: Río de la Platara iritsi ziren. Desio zuten itsasartea zelakoan bertan barrena nabigatu zuten 15 egunez, ibai baten itsasoratze gunea zela konturatu ziren arte, eta hegoalderantz jarraitu zuten.

1520ko  martxoak 31: Negu gordina igarotzeko Patagonia hegoaldeko Puerto San Julian-en geratu ziren. Amestutako itsasartea ez zuten aurkitzen eta azkenean Juan de Cartagena, Antonio de Coca, Gaspar Quesada eta Luis de Mendoza kapitainak matxinatu egin ziren. Elkano bera ere matxinoen aldekoa zen eta Magallanesek gogor zanpatu zituen.

1520ko  maiatzak 22: itsasartearen bila zebiltzala Santiago naoa Patagoniako Santa Cruz ibaiaren bokalean hondoratu zen.

1520ko  urriak 21: Magallanesen Itsasartearen sarrera aurkitu zuten eta eremu latz horren zeharkaldi gogorra hasi zuten. 

1520ko  azaroak 1: San Antonio naoak espedizioa bertan behera utzi eta alde egin zuen. 1521eko maiatzaren 6an iritsi zen Sevillara.

1520ko azaroak 28: Itsasartearen zeharkaldi latza amaitzea lortu zuten eta Ozeano Barean zehar abiatu ziren. Hiru hilabetean zehar ez zuten lehorreratzeko egokia zen lurrik aurkitu eta, ondorioz, gose, egarri eta gaitzek gogor eragin zuten marinelengan.

1521eko martxoak 6: azkenik Marianas uharteetara iritsi eta geldialdia egin ahal izan zuten. 

1521eko martxoak 16: Filipinetara iritsi ziren. Bertakoak kristautzeko saiakeretan hasi zen Magallanes, erregearekin egindako hitzarmenaren aurka.

1521eko apirilak 7: Cebu-ra iritsi ziren. Berriz ere erregearen aginduen aurka, Moluketarako bideari jarraitu beharrean bertakoen arteko liskarretan murgildu zen Magallanes eta Mactan uhartean hil zen, uharte horretako buruzagiaren aurka zuzendutako erasoaldi batean, beste hainbat gizonekin batera. Magallanesen senitarteko Duarte Barbosa jarri zen espedizioaren buru eta Cebura itzuli ziren. Bertako erregeak oturuntza batera gonbidatu zituen, baina 24 lagun pozoindu eta hil egin zituzten. Geratzen zitzaizkien hiru naoak maneiatzeko behar adina gizon ez zegoenez Concepción naoa bertan erre egin zuten eta geratzen zitzaizkien beste bi ontziekin aurrera jarraitu zuten Moluketarako bidean: Gonzalo Gómez de Espinosa espedizioaren buru eta Elkano Victoria naoaren kapitain izendatu zituzten.

1521eko azaroaren 8an, Sevillatik irten eta bi urtera, Moluketara iritsi ziren. Baina, artean,  itzultzeko bide bat aurkitu behar zuten itsasbide eraginkor bat lortzeko. 


Lurraren inguruko lehen itzuliaren meritua munduak Magallanesi aitortzen badio ere, balentria Elkanoren ekimenaren emaitza izan zen. Are gehiago, Moluketatik mendebalderantz nabigatzen itzultzea espedizioaren helburu nagusiaren aurkako erabakia izan zen. Espedizioaren helburu nagusia Moluketako espezieak ustiatzeko Espainiarentzako itsasbide eraginkor bat aurkitzea zen, eta Portugaldarren menpeko uretatik itzultzea helburu horren aurkakoa zen.

Lurra zirkumnabigatzea benetan erabaki ausarta izan zen, aukeratutako bidea arriskuz betea baitzegoen. Batetik, Victoria nao txiki harekin inork inoiz zeharkatu ez zituen Indiar Ozeanoko eremuetan zehar nabigatu zuten. Bestetik, portugaldarrek atzemanez gero heriotza zigorra zuten zain. 

Hala ere, neguan ekialdetik jotzen zuen montzoia baliatuz, Elkanok mendebaldera jarraitzea erabaki zuen. 

Eta beraz, Lurraren lehen zirkumnabigazioa Juan Sebastian Elkanok Moluketatik itzultzeko hartutako erabakiaren ondorioa izan zen, betiere Trinidad naoko kapitain Gomez de Espinosaren adostasunarekin. 


1521eko abenduak 21: Victoria ontzia Tidore-tik abiatu zen Elkanoren aginduetara. Trinidad naoak matxurak zituen eta horiek konpontzeko Tidore-n geratu zen, ondoren Pazifikoa zeharkatuz itzultzeko asmoarekin. Konponketak amaituta abiatu zen, baina haize eta korronte egokirik aurkitzen ez zuenez berriz ere Moluketara itzuli zen. Azkenean, bertan atzeman zuten Portugaldarrek.

1522ko urtarrilak 25: Victoriak Timorren eskala egin zuen. Beste itsas zeharkaldi beldurgarri baten hasiera izan zen, Elkanok zuzendutako ontziak berak bakar-bakarrik Indiako Ozeano osoa zeharkatu baitzuen lehorrik jo gabe.

1522ko  maiatzak 19: lehorrik jo gabeko hiru hilabeteko bidaian berriz ere gorriak ikusi ondoren, Afrika hegoaldeko Esperantza Oneko lurmuturrera iritsi ziren, baina portugaldarrek atzemango zituztenaren beldur zirenez, lehorreratu gabe aurrera jarraitu zuten Atlantiar Ozeanoa zeharkatzeko.

1522ko  uztailak 2: Portugaldarren menpekoak ziren Cabo Verde uharteetan elikagaiak erosteko geldialdia egitea beste erremediorik ez zuten izan. Tratuan ari zirela portugaldarrek igarri egin zuten ekialde urrunetik zetozela, eta lehorrean zeuden 12 marinelak atxilotu egin zituzten. Victorian zeuden gainontzeko gizonak, Elkano buru zutela, ihes egin eta aurrera jarraitu zuten amaigabeko bidai hartan.

1522an 18 itsasgizona San Lucar (España) herrian lehorreratu ziren,
Lurrari lehen itzulia 3 urtetan eman ostean.

1522ko irailak 6: 18 gizon iritsi ziren Sanlucarrera Victoria naoan, portu hartatik bertatik irten eta hiru urtera. Itsasoratu ziren bost ontzietatik bakarra iritsi zen; 238 gizonetatik, 18, eta horietatik lau euskaldunak:

  • Juan Sebastian Elkano, Victoria ontziko kapitaina, Getariarra.
  • Juan Akurio, pilotua, Bermeotarra.
  • Juan Arratia, txotxoa, Bilbotarra.
  • Juan Zubileta, pajea, Barakaldarra.

Iritsi eta berehala Elkanok bi gutun idatzi zizkion erregeari. Lehenengoan, Cabo Verden atxiloturik zeudenen askatasuna bideratzea eta espedizioak erregeari zor zizkion irabaziak marinelen artean banatzea eskatzen zion. Bigarrengoan espezieen Kontratazio Etxe berri bat Coruñan sortzea proposatu zion, Europa iparraldetik horiek erostera Lisboara zetozen merkatariek gertuago izan zitzaten. 


Ontziko bizimodua

VXI. mendeko ontzietako bizi-baldintzak oso gogorrak ziren. Ontziak orokorrean txikiak ziren baina nabigatu ahal izateko marinel ugari behar izaten zituzten. Marinelek elkarren ondoan egiten zuten bizitza, inolako intimitaterik eta higienerik gabe, beraz, gaixotasunak eta parasitoak berehala hedatzen ziren haien artean. 

Baina ekaitzek edo gainontzeko ezbeharrek eragiten zituzten kalteei aurre egiteko ontzian zeramatzaten baliabideak besterik ez zituzten. Orduan ez zegoen laguntza eskatzeko irratirik eta zeuzkaten salbamenduko baliabideak ere oso mugatuak ziren. Nabigazioko tresnak ere oso oinarrizkoak ziren: norabidea eta latitudea brujula eta astrolabioekin kalkulatzen zituzten. Longitudearen kalkulua, ordea, estimazio hutsa zen: hondarrezko erlojuekin neurtzen zuten denbora, eta distantzia neurtzeko berriz, korredera erabiltzen zuten. 

Elikaduraren oinarria bi aldiz egositako bizkotxa edo galleta deituriko ogia zen. Eguneroko otordurako bizkotxa-zopak prestatzeko bakailaoa, haragia eta urdai gazitua gehitzen zuten, edo tipula eta baratxuria bezalako barazki lehortuak. Horiez gain lekari eta zereal lehorrak ere eramaten zituzten: baba txikiak, ilarrak, arroza eta abar. Eguraldi txarrarekin ontzian surik piztu ezin zenean, gazta eta bizkotxaz osatzen zuten otordua. Janari freskoek, noski, oso gutxi irauten zuten usteldu gabe eta berehala jan behar izaten zituzten. Edateko ardoa eta ura ziren ohikoenak. 


Magallanesen aginduetara zihoan Moluketarako lehen espedizioak Pazifikoa zeharkatu zuenean izugarrizko gose eta egarria jasan behar izan zuten marinelek. Begira zer dioen Pigafettak bere egunerokoan: “... Jaten genuen bizkotxak ez zuen ogiaren antzik ia, harrek sustantzia guztia jan eta hauts bihurtu zutelako, eta gainera kirats jasanezina zuen, arratoien pixarekin bustita baitzegoen. Edaten genuen ura ere ustelduta zegoen eta kiratsa zerion. Egurrak sokak suntsitzea eragozteko belazurruna estaltzen zuen behi-larru zatiak ere jan genituen. Larrua, uraren, eguzkiaren eta haizeen eraginpean beti, hain zegoen gogorra, itsasoan beratzen jarri behar izaten zela lau edo bost egunez pixka bat biguntzeko; jan ahal izateko txingarretan jartzen genuen berehala. Askotan, zerrautsa ere jan behar izaten genuen, eta gizakiarentzat hain iguingarriak diren arratoiak ere elikagai preziatua izatera iritsi ziren, bakoitzagatik dukat erdia ordaintzeraino”. 

Jaki freskoen gabeziak gainera, eritasun larriak eragiten zituen, batez ere eskorbuto beldurgarria. Hauxe dio Urdanetak bere egunerokoan:

“...Hil zen jende guzti hark hain zituen hazita hortzoiak ezin zutela ezer jan, eta bularreko mina ere izaten zuten; neronek ikusi nuen gizon bati behatz baten lodiera adinako haragia ateratzen, eta hurrengo egunean berriro hazita izatea, ezer atera ez baliote bezala…”.

 

Jaki freskoak lortu beharrak bazituen, gainera, bere arriskuak. Dirudienez, bigarren espedizioan, egun gutxiren buruan hil ziren Loaysa, Elkano eta gainerako ofizialak, segur aski eskorbuto gaitzak kutsatuta.

Ontzietan ohikoa izaten zen zirujau, bizargin eta apaiz baten presentzia, marinelen “gorputz eta arimen” beharrei erantzuteko. Dena den, medikuntzaren garapena oso mugatua zenez, ezer gutxi egin zezaketen gaixotasun eta istripu larrien aurrean. Bizarginen asteroko eginbeharretako bat tripulazio osoari tximak eta bizarrak moztea izaten zen. Arimari dagokionez, XVI. mendeko europarrentzat erlijioak berebiziko garrantzia zuen. Beren buruak kristautzat zituzten eta egunero heriotzarekin zuzen-zuzenean jokoan zebiltzanez, Jainkoaren borondateak eta salbazioak berebiziko garrantzia zuen. Beraz, pekatuen aitormenerako apaizen presentzia funtsezkoa zen ontzietan. Zailtasunen aurrean jainkoari zuzentzen zizkioten otoitzak eta gainditzen zituztenean jainkoaren laguntzari esker izan zela ziur zeuden.


GALDERAK:

  1. Zein da testu honetako ideia nagusia?

  2. Zeintzu dira testu honetako bigarren mailako ideiak?

  3. 1494ko Tordesillas-eko Hitzarmenaren ondorioz, zer gertatu zen?

  4. Zer pentsatzen zuen Fernando de Magallanes itsasgizon portugaldarrak?

  5. Moluketara espedizioa zein urteren artean burutu zen? Nondik nora bidaiatu zuten?

  6. 1520ko azaroak 28: Itsasartearen zeharkaldi latza amaitzea lortu zuten eta Ozeano Barean zehar abiatu ziren. Zer gertatu zitzaien hurrengo hiru hilabetetan?

  7. Noiz iritsi ziren Filipinetara?

  8. 1522ko irailak 6an zenbat itsasgizon eta zein herritara iritsi ziren Lurrari itzulia eman ostean?

  9. Nolakoa zen ontziko bizimodua?

  10. Burutu ezazu testuaren laburpena (10 lerrotan):