2023(e)ko urtarrilaren 18(a), asteazkena

PRINTZEAREN HASERREAK

PRINTZEAREN HASERREAK

Printzeak oso umore aldakorra zuen. Umore onean zegoenean denekin jolasean eta musuka ibiltzen zen, baina bat-batean arrazoirik txikienak haserre bizian jartzen zuen. Eskura zuena lurrera botatzen eta hausten hasten zen, eta ingurukoak iraindu eta jotzera ere iristen zen batzuetan. Ondokoak printzearen haserrea noiz piztuko beldur bizi ziren umore aldaketa haiek bat-batean etortzen baitzitzaizkion. Erregina eta erregea ere kezkak jota zeuden.

 Gaztelua

– Zerbait egin behar dugu seme honekin… Erresuma bere gain hartu beharko du noizbait eta ordurako bere buruaren jabe izaten ikasi beharko luke –esaten zioten elkarri larriturik.


Baina urteak aurrera joan ahala, haurrarekin batera, haserreak eta haserretzean eragiten zituen triskantzak ere handitzen zihoazen. Erresuma hartako azti, maisu, hezitzaile eta laguntzeko prest agertu ziren guztiak eta printzea bera ere saiatu ziren izaera hura aldatzen, baina ezin.
Aztia (mago)


Printzea nazkatuta zegoen horrela bizitzeaz. Ustekabeko haserreak kontrolatzen ikasi behar zuen nola edo hala. Izaera petral hark ingurukoak beldurtzen zituen, eta ondorioz, benetako lagunak izateko orduan traba sortzen zioten. Bere haserraldien beldur, zerbitzariek, lagunek, animaliek,… denek ihes egiten zioten; baita gurasoek ere askotan. Hain bihurtzen zen gorrotagarria umorea aldatzen zitzaionean… Haserrealdia pasatu ondoren, gau osoa ematen zuen esna, triste, nahigabeturik,… .

Handik gutxira, gau ilun haietako baten ondoren, honela hitz egin zien gurasoei:

– Zoriontsu izan nahi dut, zuek bezala, besteak bezala: lagunak izan, jolastu, eta nire umore aldakor honen jabe izan.

Gurasoek, erresumako baliabide guztiak agortuta zituztenez, ingurukoetan zabaldu zuten mezua. Printzea laguntzea lortzen zuenarentzat sari ederra eskaini zuten.

Gaztelua

Berriz ere maisu, azti eta hezitzaile pilo bat joan ziren errege-erreginen gaztelura. Inork ez zuen hobekuntza nabarmenik lortu ordea. Etsiak jota zeuden.

Goiz batez, errementari xume batek jo zuen gazteluko atea.

– Printzearentzako erremedioa dakart! –adierazi zion atezainari.

Errementaria

Berehala eraman zuten errege-erreginen aurrera. Errementariak medailoi bat atera zuen zorrotik eta eskura eman zien. Jakin-minez hartu eta behatu zuten.

Kobrez egindako medailoi arrunt bat zen. Larruz egindako uhal batetik zintzilik. Harriduraz begiratu zioten biek.

– Baina, zer da hau? –esan zuen erregek haserre–. Tresna bitxi eta ederrenek ez dute ezer lortu eta zuk medailoi arrunt hau ekartzeko ausardia izan duzu?

– Lasai errege jauna, begiratu ongi irudiei eta idatzita dagoenari eta ulertuko duzu –azaldu zion errementariak.

Alde batean eguzkiaren irudia eta esaldi bat zituen: “Egunaren argia gauak eramaten du”. Beste aldean, berriz, ilargi bat zizelkatua zuen eta beste esaldi bat ere: “Gauaren iluntasuna egunak argitzen du”. Eta medailoiaren ertzean honakoa zegoen idatzia: “Eta printzearen umorea eguna eta gaua bezala aldatzen da”.
 Medailoia

Printzeari erakutsi ziotenean, ideia gustatu eta handik aurrera medailoia lepoan eramatea erabaki zuen.

Haserrea zetorkiola sumatzen zuenean, medailoiaren bi aldeak begiratu, ertzean idatzita zegoena irakurri eta lasaitzea lortzen zuen.

Eguna iritsi zitzaionean, errege ona eta maitatua bihurtu zen. Eta hil artean horrenbeste laguntzen zion medailoia eraman zuen lepotik zintzilik.

-------------------------------------------------------------

Erantzun hurrengo galderak:

1. Zer da “umore aldakorra”?

A. Umore onez egotea.

B. Sutan jartzea.

C. Bat-batean umorez aldatzea.

D. Aldiro goxo jartzea.



2. Zergatik zeuden batez ere errege-erreginak kezkak jota?

A. Inork ez zekielako zer gaixotasun zuen printzeak.

B. Printzea ez zelako bere buruaren jabe.

C. Aldiro eskura zuen guztia bota eta apurtzen zuelako.

D. Printzea gau eta egun haserre zegoelako.



3. Baina urteak aurrera joan ahala…

A. Printzearen umorea hobetzen hasi zen.

B. Printzeak berdin jarraitzen zuen.

C. Printzea bere buruaren jabe egin zen.

D. Haserreak eta triskantzak handitzen zihoazen.



4. Printzea…

A. nazkatuta zegoen horrela bizitzeaz.

B. haserreak kontrolatzen ikasten ari zen.

C. bere izaeraren beldur zen.

D. bere izaera hobetzen ari zen.



5. Printzeak…

A. ingurukoak pozik zituen.

B. benetako lagunak zituen.

C. bere burua kontrolatzen ikasi behar zuen.

D. gurasoak pozik zituen.



6. Gurasoek, zoriontsu izan nahi zuela esan zienean...

A. inguruko erresumetara zabaldu zuten berri ona.

B. etsituta, ezinbestean amore eman zuten.

C. harrituta, atsekabe handia harrapatu zuten.

D. konponbidea lortzeko saria eskaini zuten.



7. Zergatik haserretu zen erregea?

A. Tresna ederrenek ere ez zutelako ezer lortu.

B. Errementaria gizon eskolagabea zelako.

C. Medailoia kobrezkoa baino ez zelako.

D. Medailoia ez zitzaiolako behar adinako konponbidea iruditu.


8. Zer zuen medailoiak lepotik jartzeko?

A. Kobrez egindako katea.

B. Urrezko katea.

C. Zilarrezko katea.

D. Larruz egindako uhal bat.


9. Printzeak medailoian idatzita zegoena irakurri eta lasaitzea lortzen zuen. Zergatik?

A. Eguzkia eta ilargia lasaigarriak zirelako.

B. Kobrea lasaigarria delako.

C. Esaldiak irakurtzeak pentsarazi egiten ziotelako

D. Medailoia magikoa zelako.


10. Printzea errege egin zenean...

A. errege kaskarra izan zen.

B. errege maitatua izan zen.

C. izendatu eta berehala hil zen.

D. Ez zen inoiz errege izan.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina