2023(e)ko otsailaren 9(a), osteguna

Delfos-eko orakuloa - Aintzinako Grezia

 Delfos-eko orakuloa

Delfos hiriaren kokalekua

Sibilaren haitza.

Delfosko orakulua barruti sakratu handi bat izan zen, nagusiki Apolo jainkoari eskainia, erdian, bere tenplu handia zuena. Bertara joaten ziren greziarrak jainkoei aztoratzen zituzten gaiei buruzko galderak egitera. Grezian kokatua zen, Parnaso mendiaren magalean (Fozidako mendietan), itsasoaren mailatik 700 metroko garaierara eta Korintoko golkotik 9,5 kilometroko distantziara. Orain existitzen ez den aitzinako Delfos hiririk hurbil zen.


Fozida edo Fozia, Grezia erdialdeko antzinako eskualde bat da, Parnaso mendiaren mendiguneak zeharkatua. Grezia klasikoaren garaian, eskualde honen zati batek, aipaturiko mendiaren oinean dagoenak hain zuzen ere, Pyto edo Pito izena zuen, grezieraz Πυθω. Toki hau Delfos bezala ezagutzen dena da, hau da, Pyto eta Delfos sinonimoak dira.


Delfos hirian (Grezia) orakulo garrantzitsu bat zegoen.


Mendiko arroketatik, hainbat iturburu sortzen ziren, iturri ezberdinak eratzen zituztenak. Oso antzinatik ezaguna den iturrietako bat, Kastaliaren iturria da, erramu landarezko basotxo batez inguraturik, Apolori sagaratua. Elezaharrak eta mitologiak diotenez, Parnaso mendian eta iturri honetatik gertu zenbait jainkosa biltzen ziren, kantu eta olerkiaren jainkosa txikiak, Musak, iturrietako lamia ziren naiadeekin batera. Bilera hauetan, Apolok lira jo eta gainontzeko jainkosek kantatzen zuten.


Delfosko orakuluak eragin handia izan zuen Italia hegoaldeko eta Siziliako kostaldeen kolonizazioan. Mundu helenikoaren gune erlijiosoa izatera heldu zen.


Iteako portua Delfostik hurbilen zegoen itsasorako irteera zen.


Izena

Pito izena, Piton sugearengandik (Πυθων) hartua izan zen. Hau kobazulo batean bizi zen suge jakintsua omen zen, haren jakinduria bereganatzeko Apolok hil zuena, Apolo bera orakuluaren arduradun bihurtzeko. Mitologiak dioenez, Apolok, sugea hil ondoren, honen errautsak sarkofago batean gorde zituen, eta honen omenez, Pitiar Jokoak izeneko hil-joko batzuk sortu zituen. Beranduago, sarkofago hori onfalosaren azpian, Delfosko Apoloren tenpluan lurperatua zegoelako elezaharra bolo-bolo ibili zen. Onfalos hitzak "munduaren zilborra" esan nahi du. Izen honetatik eratorri zen Pitia edo Pitonisa (Πυθια), erantzunak interpretatzen zituzten emakumeei ematen joan zitzaien izena, hau da, orakulua. Apoloren tenpluari Pition (Πυθιον) ere deitzen zitzaion, eta, Apolo berari, Delfosen, Apolo Pitio deitu izan zitzaion.




Pitia edo Pitonisa

Orakuloaren ardatza Pitia edo Pitonisa zen, jainkoen asmoak interpretatzen zituen emakumezkoa. Jakin badakigu pertsonaia honen aukeraketa inongo klase ezberdintasunik gabe egiten zela. Hautagaiari gauza bakarra eskatzen zitzaion; bere bizitza eta ohiturak ezin hobeak edo akatsgabeak izatea. Izendapena bizi osorakoa zen, eta betirako santutegian bizitzeko konpromisoa hartzen zuen. Orakuluaren garai oparoetako mendeetan, hiru pitonisa izendatu behar izan ziren garai horretan egiten ziren kontaezinezko kontsultak aise erantzuteko. Baina, gainbehera garaian, bakar bat baino ez zen egon, nahikoa, behar ziren orakulu urri eta tartekatuentzat.


Fedriade mendiak, Delfosko "Distiratsuak"

Kontsulta egiten zutenek, elkarrizketa bat izaten zuten harekin izaten zuten orakulua baino egun batzuk lehenago. Gertaera hau, ondo dokumentatua dago Antzinateko egileek ematen dituzten berrietan. Orakulua hilean behin ospatzen zen, 7an, Apoloren jaiotza eguntzat hartzen baitzen. Kontsulta egiten zuten pertsonak mota guztietakoak ziren, errege handietatik hasi eta jende xume eta txiroa arte. Lehenik, sakrifizio bat eskaintzen zen tenpluaren aurrean zegoen aldarean. Jarraian, zegozkien tasak ordaintzen ziren, eta azkenik, kontsulta egiten zuen pertsona Pitiaren aurrean aurkezten zen eta bere kontsulta hitz eginez egiten zuen, uste denez.


Oso gutxi ezagutzen da orakuluak jarraitzen zuen errituari buruz. Pitia aditon izeneko toki batean zegoen tripode baten gainean esertzen zen, Apolo Pitioren tenpluaren hondoan. Αδυτων hitzak, "santutegiaren hondoa" esan nahi du eta το αδυτων hitzek berriz, "sarrera debekatutako toki sakratua".


Dodonako orakuluan, kontsultak, berunezko xafletan grabatuak egiten ziren, indusketetan asko aurkitu izan direnak. Pitiak, apaiz batek batu eta hitz neurtuan idazten zituen erantzunak ematen zituen (benetako orakulua). Ondoren, kontsulta egiten zuen pertsonari ematen zitzaion. Lehen une batean, pitonisaren erantzunak hitz neurtuan izaten ziren, baina, Apolo musikaren jainkoa izaki jende askori oso bitxia iruditzen zitzaion iragarpenek hain melodia eta erritmo kalitate kaxkarra izatea. Eta beraz, laster, pitonisa, bere iragarpenak hitz lauan egiten hasi zen.


Gaiaren adituek aurre egin behar dioten misterioetako bat, Delfosko orakuluak hainbeste aldiz asmatu izana da. Jendeak orakulu honengan zuen fedea erabatekoa zen, baita asmatzen ez bazuen ere, kasu horretan, hutsa, esandakoaren interpretazioa zela esaten baitzen, eta ez orakulua bera.


Mendeetan zehar, bolo-bolo ibili da egia historiko baten itxura duen elezahar bat, orakulua eta pitonisaren egoerari dagokiona. Aipaturiko elezahar hau, III. mende eta IV. mendeko egileetatik hasita hedatu zen, Origenes eta San Joan Krisostomo bezala. Grezia klasikoa, jentiltasun itxi bat bezala ikusten zen garaia zen, umildu egin behar zena. Modu honetan, idazleek, mendeetan zehar arrakasta handia izan zuen zerbait asmatu zuten. Honela deskribatzen zuten:


Pitonisa edo Pitiaren tripodea, harkaitzaren pitzadura oso sakon batean zegoen. Pitzadura horretatik, emakumea berehala mozkor eta desesperazio egoera batean jartzen zuten gas toxikoak isurtzen ziren, dardara handiekin, hau da, trantzean zegoen, ilerik gabe eta ahotik bitsa botatzen. Gainera, erramu hostoak murtxikatzen zituen, egoera psikosomatiko hori lortzen laguntzen zuena. Baina, egia esan, orain arte, ez da aurkitu orakuluaren uneari buruzko deskribapenik idazle greziar edo latindarren artean. Egile jentil bakar batek ere, ez du sekula kontsultaren eszena deskribatu, ezta Plutarkok ere bere Elkarrizketa Pitikoak liburuan. Beste alde batetik, Apoloren tenpluaren inguruan eginiko azkeneko arkeologia eta geologia azterketek, harkaitzean, elezaharrean aipatzen den pitzadura sakonik ez dagoela ziurtatzen dute.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina