Eskuak garbitzeak haur askoren bizitza salba dezake.
Bost urtetik beherako 300.000 haur baino gehiago hil ziren 2015ean munduan, edateko ur eta
saneamendu ezari loturiko gaixotasunen eraginez. Beherakoagatik eta antzeko gaixotasunengatik,
zehatzago esanda. Haatik, UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak jakinarazi duenez,
heriotza horietako asko keinu sinple batekin saihets daitezke: komunetik igaro ostean edota
jatorduen aurretik eskuak xaboiarekin garbituta. Esku Garbiketaren Nazioarteko Eguna izan zen
urriaren 15ean, eta orduan plazaratu zuen datua UNICEFek. Izan ere, erakundearen arabera,
komunean izan ostean eta otorduak egin aurretik eskuak garbituta, % 40 murrizten da beherakoa
izateko arriskua. Herrialde aberastuetan ez da aparteko arazoa izaten gaitz hori, baina herrialde
txirotuetan heriotza ugari eragiten ditu. Gainera, eskuak garbituta gaixotasun larri gehiago ere ekidin
daitezke. Esaterako, beti ere UNICEFek jakinarazitako datuen arabera, “hainbat zantzuk” adierazten
dute pneumonia kutsatzeko indizea % 25 murrizten dela. Urtero, 1,7 milioi haur hiltzen dira bost urte
bete baino lehen, pneumoniaren edota beherakoaren eraginez. Datu horiek guztiak aditzera
emanda, eskuak garbitzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du UNICEFek. Batik bat haurrei,
familiei eta komunitateei egin die dei, haien esku baitago eguneroko ohiturak aldatzea. Nolanahi ere,
herritarren gutxieneko bizi baldintzak ziurtatzea ez al da nazioarteko gobernu eta erakundeen
ardura? Horiek hobe lukete eskuak garbitzeari utzi, eta arazoa konpontzeko lanean hasiko balira...
IRAKURRI AURRETIK
1- Ze testu mota da?
a) Ipuina b) informazio testua c) iritzi testua d) komikia
2- Zeri buruz izango da, zuen ustez?
3- Uste duzue eskuak zikin dituzuenean, ohartu egiten zaretela? Arrazoitu erantzuna.
4- Zuek zenbat bider garbitzen dituzue eskuak egun batean zehar? Zuek erabakita ala
norbaitek esanda?
IRAKURRI ONDOREN
1- Asmatu izenburua testuari. ( Gehienez hiru hitz)
2- Eman saihestu hitzaren sinonimo bat? Zikinkeria saihesteaz gain, zer beste saihestu
beharko zenukete?
3- Lotu itzazue hasierako datuak zerikusirik duten esaldiekin .
a) Urriaren 15ean Hil ziren 2015ean
b) 300.000tik gora ume Bost urte beherakoen heriotza tasa
c) % 25 Esku Garbiketaren Nazioarteko eguna
d) Ia bi milioi haur Kutsatzeko arriskua murrizten da
4- Zenbat ume hilko lirateke bost urtetan egoera aldatuko ez balitz?
5- Uste duzue testuak dioena zure bizitzarako baliagarria dela? Arrazoitu erantzuna.
6- -Esan baieztapenak EGIA/GEZURRA diren:
Esku Garbiketaren Nazioarteko eguna izan zen urtarrilaren 15ean.
UNICEFen arabera otorduak % 40 areagotu behar dira osasuntsu egoteko.
Eskularruak erabiltzeko garrantzia nabarmendu nahi izan du UNICEFek.
Eskuak garbitu ezean, beherakoa izateko arriskua handitzen da.
Herri aberatsetan arazoa ez da hain larria.
GALDERA OSAGARRIAK
1- Garbitasunaren inguruko, zein ohitura aldatuko zenukete? Zergatik?
2- Bila ezazue informazioa GKE-en ( Gobernuz Kanpoko Erakundea) gainean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina