Lehen Mundu Gerra XX. mendearen hasieran (1914 eta 1918 bitartean) gertatu zen gerra handi bat izan zen; batez ere Europan gertatu zen, baina munduan garai hartan zeuden potentzia handi ia guztiek eta beste herrialde txiki askok ere parte hartu zuten.
Hasieran, “Europako Gerra” deitu zitzaion, baina Commonwealth elkarteko
herrialdeak eta Ameriketako Estatu Batuak ere
sartu zirenez, laster “Gerra Handia” eta “Mundu Gerra” deitu zioten, asko izan
zirelako parte hartu zuten herrialdeak. Bigarren Mundu Gerrara arte,
inoiz ez zen egon hainbeste herrialdek parte hartutako gerrarik.
Borrokan izan ziren bi aldeak honela osatu ziren:
• Aliatuak: Frantzia, Britainiar Inperioa eta Errusiar
Inperioa hasieran; eta, geroago, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Serbia, Japonia, Errumania, Grezia, Belgika, Portugal eta Montenegro.
• Erdialdeko Inperioak: Alemania, Austria-Hungariako Inperioa, Turkiar Inperioa eta Bulgaria.
Zergatik hasi zen I Mundu Gerra? Arrazoiak:
XX. mendearen hasieran, Europako estatu edo herrialdeen arteko
arazoak gero eta handiagoak ziren. Estatu horietako batzuk aliantzak edo
akordioak egin zituzten elkarri laguntzeko, norbaitek erasotzen bazien ere.
Lehen Mundu Gerra 1914ko uztailaren 28an hasi zen, Austriak
Serbiari gerra deklaratu zionean; gerra piztu zuen gertakaria atentatu bat
izan zen: 1914ko ekainaren 28an, serbiar abertzale batek Austria-Hungariako Inperioko Franz
Ferdinand printzea eta haren emaztea hil zituen Sarajevo hirian. Horren ondorioz,
Austria-Hungariak gerra deklaratu zion Serbiari, eta, horren ondoren, Errusiak soldatuak bidali zituen
Serbia defenditzera. Laster, Alemania, Britainia Handia eta Frantzia ere sartu
ziren gerran. Geroago, 1917an, Ameriketako Estatu Batuak ere sartu ziren
gerran, aliatuei laguntzeko.
Bi fronte edo borrokaleku nagusi egon ziren Europan: bata,
mendebaldeko frontea, Belgika eta Frantzia artean, eta bestea, ekialdeko
frontea, Errusiako mugetan. Mendebaldeko frontean, lubaki edo trintxera-sistema
handi bat antolatu zuten armadek eta borroka gehienak trintxera haietan gertatu
ziren.
Gerrak lau urte iraun zuen: 1918ko azaroaren 11n amaitu zen, eta
aliatuak izan ziren garaile.
Mundu osoan, 70 milioi gizonetik gora mobilizatu ziren (60 milioi, Europan),
eta 10 milioi hildako eta 20 milioi zauritu baino gehiago eragin zituen.
Gerra bukatu zenean, Alemaniar Inperioa, Austria-Hungariako
Inperioa, Otomandar Inperioa eta Errusiar Inperioa desagertu egin ziren, eta
haietatik hainbat Estatu berri jaio ziren; Europako geografia politikoa erabat
aldatu zen gerraren eraginez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina