2020(e)ko martxoaren 24(a), asteartea

Taj Mahal

TAJ MAHAL

Shah Jahan enperadorea, Indiako mezenas oparo bat izan zen, eta Taj Mahal eraikuntza ikusgarriabere emaztearen omenez eraikitakoa da. 

Mumtaz Mahal emazteak, bere senarrari, hamalau seme-alaba eman zizkion, baina azkena erditzean hil zen, eta enperadorea, atsekabetuta, ia berehala hasi zuen, 1632an, Taj Mahalen eraikuntza, hil ondorengo eskaintza bezala. Eraikinaren xehetasun guztiek bere izaera erromantikoa erakusten dute, eta multzoak estetika bikainaren gorazarre egiten du.

Taj Mahal eraikina Indiako Agra hirian dago, Uttar Pradesh estatuan hain zuzen ere, Delhi-tik 200 kilometro hego-ekialdera, urtean milioika bisitari ditu, eta ikusi beharrekoak ikusi eta laster alde egiteko hiria da. Ia 2 milioi biztanlerekin, gauza negatiboren bat aipatzearren, turistikoegia dela esan genezake, hiriaren aire-kutsadura jasanezin horrekin batuaz, ez du hiriaren bisitaren gozamendua gehiegi laguntzen egia esateko. 3 milioi turista izan zituen Taj Mahalek 2014an, eta turista indiar asko izan ohi da, batzuk eurekin argazki bat ateratzeko eskatuko dizutenak. Denda eta dendariak nonnahi, eta bero kiskalgarria ere bai.

XVI eta XVII. mendeen artean Mogol inperioaren hiriburu izan zen Agra, eta Taj Mahal mitikoa eta Agra Fort dira bertako ikurrak, bisitatu behar diren erainkuntza eder ahaztezin bi. Tah Mahal edo Taj Mahal eraikuntza-konplexu eta mausoleo ikusgarriak eta Shah Jahan enperadorearen eta Arjumand Bano Begum printzesaren arteko amodio istorioak merezi zuela aipamen berezi bat pentsatu eta hona dakarkizuet amodio istorio hori.

Maitasun absolutu, garbi eta eternal-aren ikurra da Taj Mahal, erlijio, arraza eta kulturen gainetik legokeen amodioaren eraikin paregabea, Shah Jahan sultanaren Mumtaz Mahal maitearen hilobia.


TAJ MAHAL – Amodio istorio bat –:

1607an, Yurram printzeak, ondoren Shah Jahan enperadorea izango zenak, Agra-ko bazar batean, Arjumand Bano Begum ezagutu zuen, 15 urte zituen neskatxa eta gorteko lehen ministroaren alaba zena. Kondairak dionenez, 10.000 rupiako diamantezko lepokoa behatzen zegoen gaztea, eta printzeak bitxia ordaindu eta oparitu zion berehala, une berean printzesaren bihotza bereganatuz.
India78-Jaham-MuntazEstatu arrazoiak zirela eta, bere mailako emaztea hartzera behartu zuten Yurram printzea, eta bere maitea ahaztera. Persiako erregearen alaba batekin ezkondu zen, baina printzeak ez zuen bere bihotza lapurtu zuen gaztea ahaztu, eta emazte bat baina gehiago izatera ahaltzen zuen lege musulmana baliatuz, lehen aldiz ikusi eta 5 urtetara, ordutik inoiz berriz elkar ikusi gabe, printzeak bere nahia bete eta bere maitearekin ezkondu zen. Luxuz betetako ezkontza, Agra hirian ospatu zen, 1612ko maiatzaren 20an, eta ospakizunean, enperadoreak, “Mumtaz Mahal” izendatu zuen Arjumand, “aukeratua” edo “jauregiko perla”.

Printzea 1627an izan zen enperadore izendatua, Gengis Kan-en oinordeko eta “Munduko erregea” bezala ezaguna, agintari bihozbera, bake gizon eta herriaren maitatzailea izan omen zen. Shah Jahan enperadorearen laugarren emaztea eta begikoena izan zen Mumtaz Mahal, Arjumand printzesa, eta 12 seme-alaba izan zituen berarekin. Haurdunaldi asko izan zituen arren, enperatriz-a bidaia askotan joan ohi zen enperadorearekin, eta 1631ean, Burhanpur-en, Mumtaz Mahal, Gauhara Begum bere alaba izan ostean hil zen. Hil aurretik, promes egitera behartu omen zuen Jahan: Bere hilobia eraiki, berriz ezkondu, seme-alabekin ona izan, eta urtero hilobia bisitatzeko promesa heriotzaren urteurrenean.

Enperadorearen samin sakonak, emaztearekin hiltzeko gogoa ere sentitu omen zuen, zortzi egun eta gauez bere geletan bakardadean egotera eraman zuen, ezer jan eta edan gabe. Atera zenean Jahan-ek lutoa betearaztera derrigortu omen zuen herria, koloredun arropak, musika, perfume, bitxiak eta irrifarrak ere debekatuz. Jauregitik atera gabe egon omen zen urtebetez, erabat zaharkitua eta ile eta bizarra txurituta agertu omen zen herriaren aurrera urte hura igaro ondoren.
Hasera batean Muntaz-en gorputza Burhanpur-en hilobiratu zuten, Zainabad izeneko lorategi baten, Tapti ibaiaren magalean. 1631ean Muntaz-en gorpua hobitik atera eta urrezko hilobi baten Agra-ra eraman zuten, Shah Shuja bere semeak eta Jahanara Begur printzesak lagundurik. Yamuna ibaiaren ondoan ehortzi zuten han eraikuntza txiki batean.

Egindako promesa bete zuen bertan, eta Taj Mahal eraikitzen hasi ziren, konplexu osoa osatzen duten eraikuntza ezberdinen eraikitzea. Inoiz ezagutu zen hilobi ederrena eskaini nahi izan zion bere maiteari, amodioak eta omenaldiak mendeetan iraun zezan…


TAJ MAHAL - eraikuntza lanak-:

Taj Mahal-ek “koroaren jauregia” esan nahi omen du, baina historialariek Mumtaz Mahal izenetik datorrela uste dute. Kokapena Agra-ra iparraldetik datorren Yamuna ibaiaren bihurgune batean dago, bertako urek argiaren aldaketak islatu zitzaten jauregiko marmolezko horma txurietan.

Eraikuntzak 21 urte iraun zituen; 1932tik 1653ra. Hogei mila langile baina gehiago eten gabe lanean. India, Persia eta Asia erdialdeko kontseilariek osatutako kontseilu baten esku egon ziren planoak, enperadorea beraren esku ere bai, partehartze zuzena izanez, bera izan omen zen obraren benetako inspiratzailea. Etxegilea, obra-maisua, Listad Isa turkiarra izan zen, eta kondairak dionez, eraikuntza bukatu zutenean, enperadoreak bere eskuin eskua mozteko agindua eman zuen, halako obrarik berriz egin ez zezan.

Eraikuntzarako material onenak erabili ziren, Rajastan-eko marmol txuria, beira eta jadea txinatik, Tibet-etik turkesak, Afganistaneko lapislazuli-a, Egiptotik krisolita, Yemeneko agatak, Ceilaneko zafiroak, Persiako amatistak, Arabiako koralak, Errusiatik malakita, Himalaiako kuartzoa, Golkondatik diamanteak, etab. Bada kondaira eder bat, Rajastan-etik mila elefantek garraiatu omen zuten marmol txuri hura…

Mausoleoa da zalantzarik gabe Taj Mahal gune edo konplexu osoaren eraikuntza eder, ezagun eta ikusgarriena. Aipatu eremu osoa inguratzen duen hare harrizko harresi gorrixka, 630×330 metroko azalera duen eremua dela. 300 metro karratuko patio eder hartara sartzen zarenean, marmolezko uharka edo estankea, simetria hori, loraz inguratutako bide horiek, ederra da benetan mausoleoranzko pasio hori. Mausoleoan sartzen zarenean zirrara berezi bat nabari da, kanpotik dirudien baina txikiagoa da, bertan daude bi hilobiak, Mumraz eta Jahan-ena, kamara nahiko xinple batean, salaren azpian, Mekara begirazko norantzan.

Jahan-en nahia, Taj Mahal parean marmol beltzezko bere mausoleoa eraikitzea izan zen dirudienez, maitearen berdina izango zena, Yamuna ibaiaren beste aldean, eta biak batuko zituen urrezko zubi bat eraikitzea.

1658. urtean, Aurangzeb bere hirugarren semeak, Red Fort delakoan giltzapetu zuen Jahan. 8 urtez egon zen han giltzapetuta, bertatik Taj Mahal bere obra ikusi zezakeelarik. Kondairak dio eraikuntzaren kosteak eta bere aitaren ustezko zoramenak eraman zutela bere semea tronoa hartzera (gaur egun 500 milioi dolar baina gehiago lirateke balorazioa, orduko 50 milioi rupia izan zirenak). 

74 urterekin hil zen Jahan, eta bere semeak mauseleo berriaren ideia ezereztu zuen, Mumtaz Mahal-en ondoan hilobiratuz enperadorea, hain aipatua den eta bere aitak batere gustoko ez lukeen bertako simetria eder hori hautsiz. (Mumtaz Mahal-en hilobia gelaren erdian zegoen, Jahan-en hilobia gehitu zenean simetria hura hausten da eta eskubira geratzen dira hilobiak).

Bada beste kondaira bat, hil aurreko azken momentuan, Jahan-ek ispilu bat eskatu zuela, azken segunduan Taj Mahal emaztearen hilobia azken aldiz ikusteko. Kondairak egi ala ez, egia dena zera da, Jahan-ek bere bizi osoa eman ziola Taj Mahal monumentuaren eraikuntzari, eta mendeetan zehar hilezkor bilakatu den amodioaren ikurra sortzea bideratu zuela. Omenaldiak mendeetan dirau.



Irakurri aurretik:
1.-Zer dakizu Taj Mahal eraikinari buruz?

2.-Non kokatzen da, zein herrialdetan dago?

Irakurri ondoren:
1.-Zergatik eraiki zen Taj Mahal?

2.-Indiako Agra hiriari buruz zein iritzi du testu honen egileak?

3.-Eraikuntza lanek zenbat urte iraun zuten? Zein materialekin dago eraikia? Zenbat langilek parte hartu zuten? Zenbateko tamaina du eraikinak?

4.-Zein beste kondaira aipatzen da bukaeran?

Ariketa osagarriak:
1.-Taj Majalek duen amodiozko istorioari buruzko laburpena burutu (6-8 lerrotan):

2.-Maitasunaren inguruan zer aipatuko zenuke?



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina