Kalifa eta artzaina
Aspaldi, kalifa bat zebilen hiri oparo eta urrun baten inguruan. Bat-batean, zaldia izutu eta korrika hasi zen. Arrapaladan zihoan, erabat kontrolik gabe. Amildegi malkartsu batetik metro gutxira, kalifak norbaitek bere erropetatik eusten ziola sentitu zuen, bera laguntzera hurbildu zen eta amildegitik ez jaustea lortu zuen. Garaiz! Kalifaren laguntzaileak Amin zuen izena, artzain xumea, hamabi ahuntz argalak handik oso hurbil apailatzen zituena.
– Bizia salbatu didazu! – esan zuen kalifak hunkituta –. Eska iezadazu nahi duzuna, nire bizarrengatik hitz ematen dizut zure nahiei erantzungo diedala.
Artzainak, txundituta, nekez hitz egiten zuen.
– Ez dakit... – esan zuen totelka –, agian... ahuntzaren bat gehiago banu... – Jakina. Hogeita lau emango dizkizut. Eta horko lur horiek, esan zuen kalifak belardi bat seinalatuz. Nahi bezala bazka daitezen.
Gizonak ez zion sinesgarritasunik ematen gertatutakoari. Hau zoriona! Azkenean kezkarik gabe biziko zen bere bizitza osoan.
Egun batzuetan horrela izan zen, Amin oso pozik ibili zen goizero bere artalde oparoa belazera eramanez eta bere zoriaz gozatuz. Hara, kalifari berari bizia salbatu izana!
Baina egun batean artzaina auzotar batekin gurutzatu zen, eta artaldea zeraman... berrogeita hamar ahuntzekoa! Eta harrezkero ezin izan zuen burutik kendu zein zoriontsua izango litzatekeen berrogeita hamar ahuntz izango balitu. Beraz, ez motz ez alfer, kalifaren jauregira joan zen bere desioa kontatzera.
– Ongi etorri, lagun. - galdetu zuen kalifak.
– Nik... berrogeita hamar ahuntz eduki nahiko nituzke. Ahal bazenu...
Kalifak, bere hitzari leial, falta ziren ahuntzekin osatu zuen artzainaren artaldea. Aminek apenas gozatu zuen opariaz. Berehala, zerbait gehiago eska zezakeela pentsatzen hasi zen, eta, ideia horrek torturatuta, jauregira itzuli zen.
- Etxe berri bat behar dut, nire txabola baino zabalagoa – eskatu zuen.
Eskaera hark artzaina apeta apur bat bihurtzen ari zela susmarazi zion kalifari, baina eskatzen zuena eman zion.
Handik gutxira, Amin hirugarren aldiz agertu zen jauregian.
– Ez zait artzain izatea gustatzen, ezta landan bizitzea ere. Hirira joan eta luxuzko jauregi bat eduki nahi dut zerbitzari askorekin.
Kalifak ehun ere zenbatu behar izan zituen artzainaren zikoizkeriak eta etengabeko asegabetasunak eragiten zioten haserreari aurre egiteko.
Gero, eskatzen zuena eman zion. Aminek denbora gutxi zeraman oraindik hiriaren erdian jauregi dotore batean bizitzen, beste desio bat izan zuenean, zerbitzarien gudaroste batekin.
– Zer nahi duzu orain? – galdetu zuen kalifak bere nahigabea disimulatu gabe.
– Badakit benetan zer egingo nukeen zoriontsu – esan zion artzainak –. Gauza guztien gainetik nahi dudana da kalifa izatea eta haren lekua hartzea, jauna.
Orduan, kalifak, keinu batez, bizargina etorrarazi zuen.
– Moztu nire bizarrak. Gizon honen kapritxoetara kateatzen naute — esan zuen artzaina seinalatuz —. Horiek gabe nire promesetik aske geratuko naiz.
Gero, Amini eman ziona kendu zion, eta gizon hura artzain gizajo bat izan zen berriro, hamabi ahuntz argal eta etxola xume batekin. Dena izan zezakeenean baino zoriontsuago.
Arabiar ipuina
- ---------------------------------------------------------------
ERANTZUN:
Zeri buruzkoa da testua? Zein da gai nagusia?
Zeintzuk dira bigarren mailako gaiak?
1.- Zeintzuk dira ipuinaren protagonistak?
2.- Nolakoak direla esango zenuke?
3.- Idatzi bi adjektibo bakoitzarentzat.
4.- Zer gertatu zitzaion kalifari ipuinaren hasieran?
5.- Nork eta nola lagundu zuen?
6.- Zer egin zuen kalifak eskerrak emateko?
7.- Zenbat ahuntz oparitu zizkion kalifak Amini?
8.- Zergatik hasi zen Amin gehiago eduki nahi izaten?
9.- Zergatik uste duzu ez zela pozik sentitzen?
10.- Zer eskatzen dio Aminek kalifari bere jauregira joaten den bakoitzean?
- Lehenengo bisitan:
- Bigarren bisitan:
- Hirugarren bisitan:
11.- Zergatik hasi zen kalifa haserretzen?
12.- Zer gertatzen da gero?
13.- Asmatu beste amaiera bat "Kalifa eta artzaina" ipuinerako (4 lerro):
14.- Uste duzu ona dela nahi den guztia eskatzea? Zergatik?
15.- Garrantzitsua al da promesak betetzea?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina