2022(e)ko martxoaren 30(a), asteazkena

Haur futbolaren araudiak dibertsioa lehenetsiko du Alemanian

Gazteak futbolean.

Jokalari talde txikiagoak, joko-denbora laburragoak, parte-hartze orekatua, arbitrorik gabeko saioak… Araudi berria atera dute Alemanian, 11 urtetik beherako haurren futbola eraldatzeko asmoz. “Umeek bezala pentsatu behar dugu, ez helduek bezala. Gustura jokatuko duten umeek baino ez dute futbolean jarraituko”, dio Alemaniako Futbol Federazioko presidenteordeak. 

Atezain gazte bi futbol zelaian entrenatzen.

Haurrek partidu luzeak jokatu behar izaten dituzte maiz, fisikoki edo teknikoki garatugabeago daudenek gutxiago ukitzen dute baloia, eta helduek (guraso, entrenatzaile, arbitroek) gehiegi sartzen dute eskua haurren jolasean. Horri aurre egiteko neurriak hartuko dituzte Alemanian, 21 futbol elkarterekin bi urteko proba pilotua egin ostean.






Batetik, taldeak eta denborak murriztuko dituzte eta jokalariak txandaka arituko dira, parte-hartze orekatua bermatzeko. 10 minutuko partiduak gomendatzen dira, talde ezberdinekin txandaka, “denen errendimendu orekatuagoa lortzeko eta muturreko emaitzak saihesteko”. Norgehiagoken eta liga formalen ordez, jaialdiak eta arratsalde ludikoak egingo dituzte. Eta helduen parte-hartzea txikituko dute: arbitrorik gabe eta entrenatzaile eta gurasoek ahalik eta gutxien parte hartuz. “Entrenatzaile eta behatzaileek beharrezkoa denean baino ez dute esku hartuko; jokoan zehar haurrek eurek hartu behar dituzte erabakiak, ahal den heinean”.

Eskolako patioan futbolean jokatzen

“Haurrek euren erara jokatu nahi dute futbolean, ez helduon erara. Ume bat heldu baten bizikletan jartzen baduzu, esango dizu ‘erotuta zaude?’. Baina futbolarekin hori egiten dugu, eskatzen diegu hamaika lagun beste hamaikaren aurka edo 8-8 jokatu dezaten, oso txikitatik”, adierazi du, araudi berriaren harira, Belgikako Futbol Federazioko Kris Van Haegen-ek.

Neska-mutilak elkarrekin futbolean.

Araudi berria jada martxan jarri dezakete nahi duten futbol elkarteek, eta 2024-25 denboraldian bai ala bai ezarri beharko dute. 10.000 klubetako 35.000 taldetan parte hartzen duten milioi erdi haurri eragingo diela aurreikusten du Futbol Federazioak.

BERRIA / MIKEL GARCIA IDIAKEZ @mikelgi 2022ko martxoaren 29a


GALDERAK:

1- Haur eta gazteen futbolaren inguruan zein araudi berri atera berri dute Alemanian? Aipatu itzazu puntu batzuk, eta zein da honen helburua?

2- Zergatik hartu da neurri hau? Aipatu haurren futbolean gertatzen diren egoera batzuk:

3- Haurre futbolaren araudi berrian zeintzu neurri jasoko dira?

4- Noiz jarriko da martxan araudi berria Alemanian? Zenbat klub, talde eta haurrei eragingo die?

5- Testuaren laburpen bat osatu ezazu (8 lerro gutxienez):



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina