SAGUA ETA LEHOIA
Behin, Afrikako sabanan, lehoi handi batek betekada ederra hartu zuen ehizatutako zebra gajo baten haragiarekin. Bapo-bapo eginda, zuhaitz baten itzalpean etzan zen eta laster loak hartu zuen.
Lozorroan zegoela, zuhaitzaren zulotxo batetik sagu txiki bat atera zen. Enborrean bertan bizi zen gure sagu ausarta eta, zarata entzunda, ea nor zebilen ikustera atera zen. Ausarta izateaz gain, kuxkuxero samarra ere bazen eta horrek bizia arriskuan jarrerazi zion.
Lehoi ikaragarria ikustean, ziztu bizian bueltatu zen bere zulora guztiz ikaratuta. Halere, zulotxoaren ahora belarria hurbildu zuen eta, berehala konturatu zen lehoia lotan zegoela. Madarikatuaren zurrungek zuhaitza bota behar zutela zirudien.
Gure sagutxoa, aspertuta, nonbait, zulotik atera zen berriro eta lehoiarengana hurbildu zen. Saguak oso isilak dira eta lehoiak ez zuen ezer nabaritu. Hasieran, oso poliki, oin puntatan zebilen zaratarik atera gabe, baina gero eta seguruago sentitzen zen eta, laster, lehoiaren inguruan saltoka eta zilipurdika hasi zen, lotsagabea.
Momentu batean, lehoiaren bibote batetik hasi zen tiraka. Hau sagu ausarta! Lehoiak bere mihi luzea atera eta bibotea miazkatu zuen lasai-lasai, begiak ireki gabe, euli bat zelakoan, segur aski.
Saguak ez dira oso animalia zuhurrak, benetan, eta lotan zegoen lehoiaren bizkar gainera igo zen. Hura astakeria! Jaia eta zalaparta momentuan bertan bukatu ziren. Lehoia esnatu egin zen eta, atzapar artean, sagutxoa harrapatu zuen.
Sagu gaixoak, garrasika, honela erregutzen zion lehoiari:
- Askatu jauna! Utzi bizirik, arren, ordainduko dizut-eta!
- Zer ordain eman lezake sagu gaixo honek? - zioen lehoiak bere artean.
Lehoiari barregarria iruditu zitzaion saguak emandako hitza baina, errukitu zen, eta bakean utzi zuen.
- Eskerrik asko, jauna, ez zara damutuko - oihukatu zion saguak, alde egiten zuen bitartean.
Geroago, ehiztari batek harrapatu zuen lehoi hori sareaz, eta indartsua izan arren, buru eta hankak loturik gelditu zitzaizkion sare-lokarrien artean. Mugitzeko ere ez zen gauza. Ikaragarrizko samintasunez hasi zen orroka. Sagu txikia, orroak entzun eta berehala, atera zen zulotik. Lehoiarengana abiatu zen.
- Zer duzu, lehoi jauna? - galdetu zion saguak.
- Zer dudan? Arranopola! Harrapatzen badut hanka-biko hori! - erantzun zion orro handi bat eginez.
- Ez estutu, nik askatuko zaitut eta.
- Bai, zera! Zer egingo duzu? Nik dudan indarrarekin ezin dut ezer egin eta zuk askatuko nauzula?
- Egon geldirik - agindu zion sagutxoak.
Sagua, sare barruan sartu eta bere hortz zorrotzekin sarearen lokarriak hasi zen ebakitzen. Poliki-poliki, baina gelditu gabe, soka gogorra hasi zen karraskatzen. Egun osoan han egongo zela zirudien, baina ez, denbora gutxian lokarriak ebaki zituen eta lehoia askatu zuen.
- Eskerrik asko, sagutxo. Bizitza salbatu didazu.
Horrela erakutsi zion saguak lehoiari, handi eta indartsua izan arren, ez direla txikiak eta argalak baztertu behar beraiek ere gaitasun ederrak dituzte eta.
GALDERAK
1- Non gertatzen da istorioa?
2- Zergatik etzan zen lehoia zuhaitz baten itzalpean?
3- Irakurri duzun testuan animaliak protagonistak dira eta bukaeran
zerbait erakutsi nahi diote irakurleari (irakaspena edo ondorioa) .
Nola deitzen zaio narrazio mota horri?
4- Nolakoa zen sagua?
5- Zergatik ez zuen lehoiak sagua hil?
2
6- Ordenatu 1etik 5era irakurketan gertatu diren ordenaren arabera.
• Saguak sarearen lokarriak karraskatzen ditu.
• Lehoia zebra baten haragiarekin elikatzen da.
• Sagua lehoiaren bibotetik tiraka hasten da.
• Lehoiak, atzapar artean, sagua harrapatzen du.
• Ehiztari batek lehoia sareaz harrapatzen du.
7- Lehoiak ez zuen saguarengan konfiantza izan. Kontatu gertaera
hori.
8- Zergatik ez dira txikiak eta argalak baztertu behar?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina