2020(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

Ukimena: gaixotasuna



UKIMENA -> organoa: larruazala.

Ukimena gorputzaren azal guztian zabaltzen den zentzumena da, baina bereziki esku, mihi eta ezpainetan kokatzen dena, larruazalaren bitartez gauzen gogortasuna eta tenperatura sumarazten dituena. 

Pertsona batek egiten duen presioa edo indarraren arabera, ezberdina da ukimenak jasotzen duen sentipena. Horrela, hasieran ukipen hutsa baino ez denak, eragilearen indarra areagotuz gero, presio sentipena, bai eta oinazea ere, eragin ditzake. Ezberdina da, era berean, ukimenaren zorroztasuna, gorputz atalen arabera: oso zorrotza da mihiarena, ezpainena, esku ahurrena eta hatz muturrena. 

Larruazalaren egoerak ere zorroztasuna baldintzatzen du; hiperkeratosiak (larruazal lodituak), hotzak eta anemiak gutxiagotzen dute. Ukimenarekin lotutako gaixotasunetaz neurologoak arduratzen dira. Honako hauek dira, ukimenaren gaixotasun edo anomalien artean ohikoenak:
  • Erredurak: suak edo gai erregarri batek larruazalean egiten duen zauria da.
  • Dermatitis: dermatitis atopikoa (ekzema atopikoa ere esaten zaio) azaleko gaitzik ohikoenetakoa da. Beraren izaera kronikoagatik, prebentzioa da gaixotasuna tratatzeko modurik onena, gaitzari aurrea hartuz bakarrik saihestu ahal izango baitugu hain desatseginak diren dermatitis krisiak agertzea.
  • Aknea: epidermisaren azpian dauden gantz guruinei eragiten dien larruazaleko gaixotasuna da. Guruin horiek folikuluen bidez poroekin konektatuak daude eta substantzia koipetsu bat jariatzen dute. Folikuluan barrena ileak hazi eta zelula hilak garraiatzen dira. Hiru substantzia horiek elkartu eta poroa taponatzen badute, aknea azaleratzen da.
Larruazalari loturiko gaixotasunez arduratzen den medizina-espezialitatea dermatologia da.

Aholkuak
Larruazalak zainketa berezi batzuk behar ditu. Hona hemen zenbait aholku larruazala garbi eta osasuntsu mantentzeko:
1.     Egun eguzkitsuetan, eguzki izpietatik babesteko eguzki-krema eman behar da, betiere bakoitzaren larruazal-motaren araberakoa aukeratuz.
2.     Eguna hondartzan, igerilekuan, mendian… pasatu behar badugu eguzkitako betaurreko egokiak erabiliko ditugu. Eguzkipean denbora gehiegi ez egotea ere garrantzitsua da. Eguzkiak indartsu jotzen duenean, eguerdiko hamabietatik arratsaldeko laurak arte, itzaletan egoten saiatu.
3.     Garrantzitsua da dieta osasuntsua eta orekatua mantentzea. Horrela, larruazalaren zelulek beren propietateak mantendu ahal izateko adina mantenugai izango dituzte.
4.     Azala egunero garbitu behar da. Egunero dutxatzen bagara, gure azalarentzat egokiena den xaboia aukeratu behar dugu.
5.     Larruazala hidratatuta mantendu behar da: gomendagarria da udan nahiz neguan, egarria eduki edo ez, ura edatea.
6.     Larruazalean anomaliaren bat antzematen badugu, hala nola, mantxak edo kolorez aldatu edo handitzen diren orinak... joan lehenbailehen sendagilearengana.


Tatuajeak

Tatuajea larruazalean egiten den marka edo marrazki

iraunkor bat da, hots, bizitza guztirako.

   Larruazala zulatuz eta pigmentuak injektatuz egiten da. 

Ezpainetan, bekainetan, begi inguruetan egiten denari 

mikropigmentazioa deritzo. Kasu guztietan ere, praktika 

erasokorrak dira zauriak gertatzen baitira eta, ondorioz, 

arriskutsuak izan daitezke.


Konplikazioak izan daitezke:

  •    Orokorrak: zenbait infekzio, adibidez, hepatitisa edo 
    HIESa, urteak igaro eta gero ager daitezkeenak; beste 

batzuk, esterilizatu gabeko materiala (orratzak, etab.) 

erabiltzeagatik edo, oro har, arau higieniko-sanitarioak 

ez betetzeagatik.


  •     Lokalak: ukipeneko dermatitisa, larruazaleko 
   erreakzioak, orbain patologikoak, etab.

--------------------------------

Irakurri aurretik:
1.-Zer dakizu ukimenari buruz? 

2.-Zein ukimenaren gorputzeko organoa?

Irakurri ondoren:
1.-Ukimena gorputzeko zein organoetan kokatzen da?

2.-Zein mediku arduratzen dira ukimenarekin erlazionaturiko gaixotasunetaz?

3.-Aipatu itzazu ukimenarekin zerikusia duten gaixotasunak:

4.-Nola zaindu behar dugu larruazala? Aipatu itzazu ukimena zaintzeko zenbait aholku:

5.-Zer da tatuajea?

Ariketa osagarriak:
1.-Ezagutzen al duzu larruazalean gaixotasunen bat duten pertsonak? Zein motatako gaixotasuna dute? Zein erremedio aplikatzen dute?

2.-Ezagutzen al duzu tatuajerik duen pertsonarik? Zein motatako tatuajea du margoturik larruazalean?




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina